17 Jadanik erabakia daukaguna egingo dugu: Istar zeruko erreginari erreko diogu intsentsua eta eskainiko isur-opariak; lehenago ere hala egin izan dugu geuk, geure guraso, errege eta buruzagiek Judako hirietan eta Jerusalemgo kaleetan. Orduan, asetzeraino genuen ogia eta zoriontsu bizi ginen, inolako zorigaitzik ikusi gabe.
18 Baina zeruko erreginari intsentsua erre eta isur-opariak egiteari utzi diogunetik, kale gorrian gaude, goseak eta gerraz hiltzen.
19 Emakumeek are gehiago zioten:—Zeruko erreginari intsentsua erreko diogu eta isur-opariak eskainiko, bai horixe! Gure senarrak ere bat datoz gurekin Istarren irudiarekin opilak egiteko eta isur-opariak eskaintzeko.
20 Orduan, erantzun hori eman zuten gizon-emakume eta jende guztiari esan zien Jeremiasek:
21 —Ez ote zen, bada, Jauna ohartzen, zuek eta zuen guraso, errege eta buruzagiek, herritarrok oro, Judako hirietan eta Jerusalemgo kaleetan intsentsua erretzen zenutela? Horixe zuen gogoan, hain zuzen,
22 eta, zuen egintza gaizto eta higuingarriak jasanezinak zitzaizkiolako, zuen lurraldea hondamendi eta eremu bihurtu zuen Jaunak, gaitzetsi eta bizilagunik gabe utzi. Eta halaxe dago gaur ere.
23 Beste jainkoei intsentsua erre eta Jaunaren aurka bekatu egiteagatik zaudete horrela: Jaunaren esana egin ez zenutelako, haren lege, agindu eta eskakizunen arabera bizi izan ez zaretelako. Horregatik gertatu zaizue gaur arte dirauen zorigaitz hau.