5 Baina ez didazue aditu, ez jaramonik egin, ezta gaiztakeriatik itzuli eta jainko arrotzei intsentsua erretzeari utzi ere.
6 Hala, lehertu egin da nire haserre-sumina, eta erre egin ditu Judako hiriak eta Jerusalemgo kaleak: hondamendi eta eremu bihurtu dira, eta halaxe daude orain.
7 «Orain, bada, nik, Jaun ahalguztidun honek, Israelen Jainkoak, galdetzen dizuet: Zergatik nahi duzue zeuen buruen galbide izaten jarraitu eta, horrela, Judako gizon eta emakumeak, umetxo eta bularreko haurrak suntsiarazi eta zeuen herria bizilagunik gabe utzi?
8 Zergatik iraintzen nauzue zeuen idolatriazko jardueraz, bizitzera etorri zareten Egipton jainko arrotzei intsentsua errez? Horrela, suntsipena erakarriko duzue zeuen gainera, eta madarikazio eta iseka-gai bihurtuko zarete munduko nazio guztien aurrean.
9 Ahaztu egin al dituzue, zuen gurasoek, Judako erregeek eta beraien emazteek, zeuek eta zeuen emazteek Judan eta Jerusalemgo kaleetan egindako gaiztakeriak?
10 Gaur arte ez du inork damurik azaldu, ez beldurrik izan, eta ez da inor ibili zuei eta zuen gurasoei eman nizkizuen lege eta aginduen bidetik.
11 «Horregatik, honela diot nik, Jaun ahalguztidunak: Zuen gain ezarri ditut begiak, zuen kalterako, Juda osoa suntsitzeko.