1-2 Jaunak agindu zion Jeremiasi tenpluko sarrerara joateko eta Jauna gurtzera tenplura sartzen ziren judatar guztiei mezu hau hots egiteko:
3 «Honela dio Jaun ahalguztidunak, Israelgo Jainkoak: Zuzendu zeuen jokabidea eta egintzak, eta zuekin biziko naiz toki honetan.
4 Ez fidatu, “Jaunaren tenplua, Jaunaren tenplua” errepikatuz engainatzen zaituzteten horietaz.
5 «Baina zeuen jokabidea eta egintzak benetan zuzentzen badituzue, gizarte-harremanetan justizia defendatzen baduzue,
6 arrotza, umezurtza eta alarguna esplotatzen ez badituzue, lurralde honetan odol errugaberik isurtzen ez baduzue eta, zeuen buruari kalte eginez, beste jainkoen ondoren ibiltzen ez bazarete,
7 orduan, zuekin biziko naiz toki honetan, zuen gurasoei aspaldidanik eta betiko eman nien lurraldean.
8 «Ezertarako ez diren gezurrezko arrazoietan sinesten duzue.