1 Honela mintzatu zitzaien Jauna Moisesi eta Aaroni:
2 «Esan israeldarrei: Lurrean bizi diren animalia guztietatik, jan ditzakezue
3 bitan banaturiko apatxak dituztenak eta hausnartzaileak.
4-6 Beraz, hausnartzaile diren edo apatxak bitan banaturik dituzten animalien artean ezin izango duzue jan, ez gamelua, ez erbia, ez azkonarra; hausnartzaile izan arren, ez baitute bitan banaturiko apatxik; kutsatutzat edukiko dituzue;
7 ezta urdea ere, bitan banaturiko apatxak dituen arren, ez baita hausnartzailea.
8 «Ez duzue horien haragirik jango, ezta horien sarraskirik ukituko ere: animalia kutsatutzat edukiko dituzue.
9 «Uretako piztietatik, itsaso eta ibaietan hegalak eta ezkatak dituzten guztiak jan ditzakezue;
10 baina itsas eta ibai-uretako bizidunen artean, hegal eta ezkata gabeak debekatuak dituzue:
11 ez duzue horien haragirik jango eta horien sarraskiak higuingarritzat edukiko dituzue.
12 Hegalik eta ezkatarik ez duten uretako piztiak debekatuak dituzue.
13 «Hegaztien artean hauek dituzue debekatuak eta ezin izango dituzue jan: arranoa, gabiraia, itsas arranoa,
14 mirua eta mota guztietako saiak,
15 mota guztietako beleak,
16 ostruka, hontz zuria, kaioa, mota guztietako belatzak,
17 hontza, itsas belea, ibisa,
18 zisnea, belabeltza, uroiloa,
19 zikoina, mota guztietako koartzak, marti-oilarra eta saguzarra.
20 «Lauoinka dabiltzan intsektu hegaldunak debekatuak dituzue.
21 Lau zangoko intsektu hegaldun guztietatik, salto egiteko atzeko zangoak aurrekoak baino luzeagoak dituztenak jan ditzakezue.
22 Beraz, mota guztietako larrapoteak, kilkerrak eta matxinsaltoak jan ditzakezue.
23 Lau zangoko beste intsektu hegaldun guztiak debekatuak dituzue.
24 «Zenbait piztia ukitzeak kutsatu egiten du pertsona.
25-28 Hauek dira kutsatutzat edukiko dituzuen animaliak:—bitan banaturiko apatxik ez dutenak eta hausnarrean egiten ez dutenak; horiek ukitzen dituena kutsaturik geldituko da arratsa arte;—oin-zolen gainean dabiltzan lau zangodun piztia guztiak.«Animalia horien sarraskiak ukitzen dituena kutsaturik geldituko da arratsa arte, eta horien sarraskiak jaso edo garraiatzen dituenak arropak garbituko ditu eta kutsaturik geldituko da arratsa arte.
29 «Hona zeintzuk edukiko dituzuen kutsatutzat lur gainean narraska dabiltzan piztien artean: satorra, sagua eta mota guztietako muskerrak,
30 dragoitxoa, krokodiloa, arrubioa eta kameleoia.
31 Narraska dabiltzanen artean, horiek edukiko dituzue kutsatutzat: hilik daudela ukitzen dituena kutsaturik geldituko da arratsa arte.
32 «Horietako piztiaren bat, hil eta gero, edozer gauzaren gainera jausten bada, zurezko nahiz oihalezko, larruzko nahiz zakuzko, edo beste edonolako lan-tresnaren gainera, kutsaturik geldituko da; uretan sartuko duzue eta kutsaturik geldituko da arratsa arte; gero, garbi bihurtuko da.
33 «Horietako piztiaren bat buztinezko edozein ontzitara jausten bada, barruan dagoen guztia kutsaturik geldituko da eta ontzia hautsi egingo duzue.
34 Ontzi horretako ura jangai den zerbaiti botatzen bazaio, kutsaturik geldituko da; halaber, edan daitekeen edariren bati botatzen bazaio, nolanahiko ontzitan dagoela, kutsaturik geldituko da.
35 Piztia horien sarraski-zatiren bat edozer gauzaren gainera jausten bada, kutsaturik geldituko da; labeak eta sutegiak birrindu egingo dituzue: kutsatuak dira eta kutsatutzat edukiko dituzue.
36 «Hala ere, iturri eta urtegiei dagokienez, ur bilduak garbi iraungo du, baina sarraskia uretatik ateratzeko ukitzen duena kutsaturik geldituko da.
37 «Sarraskia hazitarako den ale gainera jausten bada, haziak garbi dirau;
38 baina, alea, gero jateko, urez busti baldin bada, eta sarraski-zatiren bat gainera jausten bazaio, kutsatutzat edukiko duzue.
39 «Jangai duzuen abere bat hiltzen bazaizue, haren sarraskia ukitzen duena kutsaturik geldituko da arratsa arte.
40 Sarraski hartatik jaten duenak bere arropak garbituko ditu eta kutsaturik geldituko da arratsa arte. Sarraskia jaso edo garraiatzen duenak ere arropak garbituko ditu eta kutsaturik geldituko da arratsa arte.
41 «Lur gainean narraska dabiltzan piztiak debekatuak dituzue eta ezin izango dituzue jan.
42 «Sabel gainean nahiz lau zangoen edo gehiagoren gainean narraska dabiltzan piztiak debekatuak dituzue eta ezin izango dituzue jan.
43 Ez ditzazuela zeuen buruak higuingarri bihur, ezta kutsatu ere narraska dabiltzan piztiak direla eta.
44 Neu naiz Jauna, zuen Jainkoa. Gorde garbi zeuen buruak, santu izan zaitezten, ni santua naiz eta. Ez zaitezte kutsa lurrean narraska dabiltzan piztia horiekin.
45 Neu naiz Jauna, zuen Jainko izateko Egiptotik igoarazi zintuztena. Izan zaitezte santu, ni santua naiz eta.
46 «Horra hor abereei, hegaztiei, uretako bizidunei eta lur gainean narraska dabiltzan piztiei buruzko legea,
47 animalia garbi eta kutsatuen artean, jan daitekeen eta jan ezin denaren artean, bereizteko emana».