Lebitarrena 3 EABD

Elkartasun-oparia

1 «Elkartasun-oparitzat abelgorria eskaini behar duenak, abere akats gabea eskainiko du Jaunaren aurrean, arra nahiz emea.

2 Eskaintzaileak, eskua buruan ezarri ondoren, elkarketa-etxolaren sarreran hilko du; gero, apaizek, Aaronen ondorengoek, haren odolaz aldarea zipriztinduko dute alde guztietatik.

3 «Elkartasun-opariko aberetik, Jaunari honako hauek aurkeztuko zaizkio, beraren ohorez erretzeko opari gisa: heste inguru eta gaineko gantza,

4 giltzurrunak gaineko gantzarekin, saihetsei itsatsia dagoen gantza eta gibela estaltzen duena; hori guztia kendurik,

5 erre egingo dute apaizek aldarean, sutan dauden egurren gaineko erre-opariekin batera. Jaunaren ohorez erretako oparia da, berak atseginez onartzen duen oparia.

6 «Abere xehea eskaini behar duenak, akats gabea eskainiko du, arra nahiz emea.

7 Bildotsa bada, eskaintzaileak Jaunaren aurrean aurkeztuko du,

8 eta, eskua buruan ezarri ondoren, elkarketa-etxolaren aurrean hilko du; gero, apaizek haren odolaz aldarea zipriztinduko dute alde guztietatik.

9 Elkartasun-opariko aberetik, Jaunari honako hauek aurkeztuko zaizkio, beraren ohorez erretzeko opari gisa: buztan osoa ipur-mokorretik ebakia, heste inguru eta gaineko gantza,

10 giltzurrunak gaineko gantzarekin, saihetsei itsatsia dagoen gantza eta gibela estaltzen duena; hori guztia kendurik,

11 erre egingo du apaizak aldarean. Jaunaren ohorez erretako oparia da.

12 «Eskaintzekoa ahuntza bada, eskaintzaileak Jaunaren aurrean aurkeztuko du,

13 eta, eskua buruan e+zarri ondoren, elkarketa-etxolaren aurrean hilko du; gero, apaizek haren odolaz aldarea zipriztinduko dute alde guztietatik.

14 Jaunari honako hauek aurkeztuko zaizkio, beraren ohorez erretzeko opari gisa: heste inguru eta gaineko gantza,

15 giltzurrunak gaineko gantzarekin, saihetsei itsatsia dagoen gantza eta gibela estaltzen duena; hori guztia kendurik,

16 erre egingo du apaizak aldarean. Jaunaren ohorez erretako oparia da, berak atseginez onartzen duen oparia. Gantz guztia Jaunarentzat da.

17 «Betiko lege izango duzue hau belaunez belaun biziko zareten edonon: ez duzue gantzik, ez odolik jango».

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27