Lebitarrena 21 EABD

Apaizei buruzko xedapenak

Apaizen bizitza pribatua

1 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi: «Esan Aaronen seme apaizei: Ez bedi kutsa apaiza bere ahaideren baten gorpua ukituz,

2 hurbileko ahaideren batena —ama, aita, semea, alaba nahiz anaiarena— izan ezik.

3 Arreba ezkongabeagatik ere kutsa daiteke, ezkongabe dagoen bitartean bere senitarteko baitu.

4 Bere senitartekoen buru delarik, apaizari ez zaio zilegi kutsatzea, desohoraturik geldi ez dadin.

5 «Apaizek ez dute burua erabat soilduko, ez bizarraren ertzak moztuko, ezta ere gorputzean ebakirik egingo.

6 Beren Jainkoari sagaratuak behar dute izan eta haren izena profanatzetik alde egin, beraiei baitagokie Jaunarentzat erre beharreko opariak eskaintzea. Beraz, santu izan behar dute.

7 «Ez dute emaztetzat hartuko emagaldu edo desohoratua izandako emakumerik, ezta senarrak zapuztutakorik ere, apaizak Jainkoari sagaratuak baitaude.

8 Israeldar orok errespetatuko du apaizen izaera sakratua, beraiek eskaintzen baitute Jainkoaren oparia. Sakratutzat edukiko dituzte, santua bainaiz ni, Jauna, neuretzat sagaratzen ditudana.

9 «Apaiz baten alabak bere burua desohoratzen badu, emagaldu bihurtuz, bere aita desohoratzen du: bizirik erreko dute.

10 «Apaiz nagusia apaizen buru da. Gantzuketa-olioa burura isuri ziotenean, apaizgoa hartu zuen eta jantzi sakratuak erabiltzen ditu. Hori dela eta, ez du ilea harro utziko, ezta arroparik urratuko ere;

11 ez da kutsatu bihurtuko hildakoren batengana hurbilduz, ezta aita edo ama izanik ere.

12 Ez da toki sakratutik aterako, Jainkoaren santutegia profana ez dezan, gantzuketa-olioz Jainkoaren zerbitzurako sagaraturik baitago. Neu naiz Jauna.

13 «Apaiz nagusiak neskatxa birjina hartuko du emaztetzat,

14 eta ez alarguna, ezta zapuztua, desohoratua edo emagaldu izandako emakumea ere. Bere senitarteko neskatxa hartuko du,

15 desohoragarri izango bailitzateke ondorengoek senitartez kanpoko odola izatea. Neu naiz Jauna, hura neuretzat sagaratzen dudana».

Apaizgintzarako eragozpenak

16 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:

17 «Esan Aaroni: Etorkizunean, gorputz-akatsen bat duen zuen ondorengoetariko inor ere ez da aldarera hurbilduko Jainkoaren oparia eskaintzera.

18 Beraz, akastunik inor ez da gai zerbitzu horretarako: ez itsua, ez herrena, ez aurpegia desitxuratua edo gorputz-atalak oker dituena,

19 ez zangoa edo besoa hautsirik duena,

20 ez konkorra, ez mazkala, ez begi-lausoa, ez larruazaleko gaitzen bat duena, ez barrabilak lehertuak dituena.

21 Gorputz-akatsen bat duen Aaronen ondorengoetariko inor ez da hurbilduko Jaunari erre beharreko opariak eskaintzera; akastunik inor ere ez da zerbitzu horretarako gai.

22 Jan ditzake, bai, Jainkoari eskainiriko jakiak, opari guztiz sakratuak eta opari sakratuak;

23 baina ez daiteke errezelaz beste aldera sar, ezta aldarera hurbil ere, akastuna izanik, santutegia eta bertan dagoena profana ez ditzan. Neu naiz Jauna, apaizak neuretzat sagaratzen ditudana».

24 Dena adierazi zien Moisesek Aaroni, beronen semeei eta israeldar guztiei.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27