Lebitarrena 22 EABD

Nola jan eta edan Jaunari opaldua

1 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:

2 «Esan Aaroni eta beronen semeei, zenbait kasutan ez dutela hurbildu behar israeldarrek egiten dizkidaten eskaintza sakratuetara, nire izen santua profana ez dezaten. Esaiezu, bada:

3 Etorkizunean, zuen ondorengoetariko batek, bera kutsaturik dagoela, israeldarrek Jaunari eskainitako opari sakratuak aurkezten baditu, bota egingo duzue nire zerbitzutik. Neu naiz Jauna.

4 «Legenak jota edo sexu-jarioarekin dagoen apaizak ez du opari sakraturik jango, garbikuntza egin arte; berdin gorpu batek kutsaturiko zerbait ukitu edo hazi-isuria duenak,

5 eta kutsagarri den narrastia nahiz gizakia ukitu duenak.

6 Gauza horiek ukitu dituena kutsaturik geldituko da arratsa arte eta ez du opari sakraturik jango, gorputza uretan garbitu arte.

7 Eguzkia sartzean, garbi geldituko da eta jan ahal izango ditu opari sakratuak, berarentzako janari baitira.

8 Ez du jango berez hildako edo piztiaren batek sarraskituriko abererik, kutsa ez dadin. Neu naiz Jauna.

9 «Leial gorde behar dute apaizek Jaunak agindua, opariak direla eta, bekatuaren ondorenak jasan nahi ez badituzte; ez badute errespetatzen, hil egingo dira. Neu naiz Jauna, neuretzat sagaratzen ditudana.

10 «Laikoek ez dezakete opari sakraturik jan, ezta ostatuz edo lansaripean apaizaren etxean daudenek ere.

11 Esklaboek, ordea —nahiz diruz erositakoek nahiz etxean jaiotakoek—, jan dezakete apaizaren janaritik.

12 Laiko batekin ezkondutako apaizaren alabak ez dezake jan opari sakratuetatik apaizarentzat utzitakorik.

13 Baina alargundu delako edo senarrak zapuztu duelako, seme-alabarik ere ez duelarik, ezkongabetan bezala aitaren etxera itzultzen bada, jan ahal izango du aitaren janaritik. Laikoek, dena den, ez dezakete hartatik jan.

14 «Norbaitek oharkabean opari sakratuetatik zerbait jaten badu, jan duenaren ordaina eta bosteko bat gehiago itzuliko dio apaizari.

15 «Apaizek ez dituzte profanatuko israeldarrek Jaunari eskainiriko opari sakratuak, berari bakarrik dagozkionak;

16 erru izugarria bereganatuko lukete, opari horiek jango balituzte. Neu naiz Jauna, opariak sagaratzen ditudana».

Sakrifizioetarako abereak

17 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:

18 «Esan Aaroni, beronen semeei eta israeldar guztiei: Norbaitek, israeldarra nahiz Israelen bizi den etorkina izan, botoren bat betetzeko edo norberaren borondatez egin ohi diren erre-oparietakoren bat Jaunari eskaini nahi badio,

19 abere arra eta akats gabea aurkeztuko du, Jaunak atseginez onar diezaion: zekorra, aharia nahiz akerra.

20 Ez aurkeztu abere akastunik, ez baitizue Jaunak onartuko.

21 «Norbaitek botoren bat betetzeko edo bere borondatez abelgorria nahiz abere xehea elkartasun-oparitzat Jaunari eskaini nahi badio, inolako akatsik gabea eskainiko du, Jaunak atseginez onar diezaion;

22 beraz, ez abere itsurik edo gorputz-atalen bat hautsia duenik, ez zauri zornetsurik edo larruko gaitzen bat duenik. Ez eraman horrelakorik Jaunaren aldarean oparitzat erretzeko.

23 Oparia borondatezkoa bada, zilegi da gorputz-atalak oker dituen zekorra nahiz aharia eskaintzea; baina botoa betetzeko egina bada, ez dizue Jaunak horrelakorik onartuko.

24 Ez aurkeztu inola ere barrabil mazpildu, lehertu, erauzi nahiz ebakiak dituen abererik. Ez duzue horrelakorik egingo zeuen lurraldean.

25 Ezta atzerritarren eskutik ere, ez duzue onartuko horrelako abererik Jainkoari eskaintzeko, jasan duen mutilazioa akatsa baita: ez dizue Jaunak onartuko».

26 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:

27 «Zekorra, arkumea edo antxumea, jaio ondoren, zazpi egunez geldituko dira amaren ondoan; zortzigarren egunetik aurrera, gai dira opari gisa Jaunaren ohorez erretzeko.

28 Hala ere, ez hil egun berean behia edo ardia eta berauen umea.

29 «Jaunari esker oneko oparia eskaintzean, eskaini berak atseginez onartzeko eran,

30 eta oparigaia egunean bertan jan, biharamunerako ezer utzi gabe. Neu naiz Jauna.

31 «Bete arretaz nire aginduak. Neu naiz Jauna.

32 Israeldarrok, ez gero profanatu nire izen santua, baizik eta aitortu santua naizela. Neu naiz Jauna, neuretzat sagaratzen zaituztedana,

33 eta zuen Jainko izateko Egiptotik atera zintuztedana. Neu naiz Jauna».

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27