Lebitarrena 14 EABD

Legendunen garbikuntza

1 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:

2 «Hona hemen legendunaren garbikuntza egiteko ohikunea:

3 Apaiza kanpalekutik aterako da legenduna miatzeko. Legenduna legen zuritik sendatu dela ikusten badu,

4 bi hegazti bizi eta garbi, zedro-zura, purpura gorrimina eta isipua ekartzeko aginduko du garbitu behar duenarentzat.

5 Hegaztietako bat iturburuko ura daukan buztinezko ontzi baten gainean hilaraziko du.

6 Gero, hegazti bizia, zedro-zura, purpura gorrimina eta isipua harturik, iturburuko uraren gainean hildako hegaztiaren odoletan bustiko ditu, baita hegazti bizia ere.

7 Ondoren, legenetik garbitu behar duena zazpi bider zipriztinduko du odolaz eta garbitzat aitortuko. Hegazti bizia libre utziko du landan.

8 «Garbitu behar duenak arropak garbituko ditu eta ile guztia moztuko, uretan bainatuko da eta, horrenbestez, garbi geldituko da. Ondoren, kanpaleku barrura sar daiteke; hala ere, zazpi egunez oihal-etxolatik kanpo egongo da.

9 Zazpigarren egunean, gorputzeko ile guztia moztuko du —burukoa, aurpegikoa, bekainekoa eta gainerako guztia—, arropak eta gorputza garbituko ditu eta garbi geldituko da.

10 «Zortzigarren egunean, bi bildots akats gabe, urteko arkume akats gabe bat, olioz oraturiko hamabi kilo irin garbiko oparia eta litro erdi bat olio hartuko ditu.

11 Garbikuntza egin behar duen apaizak Jaunaren aurrean, elkarketa-etxolaren sarreran, ezarriko du garbitu behar duena beraren opariekin.

12 Apaizak, bildotsetariko bat harturik, ordain-oparitzat eskainiko du, litro erdi bat olio rekin batera, eta Jaunari aurkeztuko, errituzko aurkezpen-keinua eginez.

13 Toki sakratuan hilko du bildotsa, barkamen-oparigaia eta erre-oparigaia hiltzen diren tokian. Ordain-oparia, barkamen-oparia bezala, apaizarentzat da; guztiz sakratua da.

14 «Gero, apaizak ordain-oparigaiaren odola hartu eta garbitu behar duenaren eskuineko belarria eta eskuineko eskuko eta eskuineko oineko erpuruak igurtziko ditu.

15 Litro erdi oliotik pixka bat hartu eta ezkerreko eskuan isuriko du,

16 eta, eskuineko behatza ezkerrean duen oliotan bustirik, zazpi bider zirtatuko du Jaunaren aurrean.

17 Garbitu behar duenaren eskuineko belarria eta eskuineko eskuko eta eskuineko oineko erpuruak igurtziko ditu eskuan duen olioaz, ordain-opariko bildotsaren odolaren gainean.

18 Eskuan gelditzen zaion olioa burura isuriko dio. Horrela, garbitu behar duenaren garbikuntza-ohikunea egingo du Jaunaren aurrean.

19 Gero, barkamen-oparia eskainiko du apaizak eta bere kutsaduratik garbitu behar duenaren aldeko garbikuntza-ohikunea egingo berriro. Ondoren, erre-oparigaia hilko du

20 eta aldarean eskainiko, irin-opariarekin batera. Azkeneko aldiz haren aldeko garbikuntza-ohikunea egingo du, eta hura garbi geldituko da.

Legendun pobrearen garbikuntza

21 «Legenduna pobrea bada, opari guztiok erosteko ahalbiderik gabea, bildots bat bakarra hartuko du ordain-oparirako, Jaunari aurkeztu eta garbikuntza-ohikunea egiteko; gainera, oliotan oraturiko lau bat kilo irin garbi, litro erdi bat olio,

22 eta bi usapal edo bi usakume, ahal duen neurrian, bata barkamen-oparirako eta bestea erre-oparirako.

23 Zortzigarren egunean, guztiok apaizari eramango dizkio bere garbikuntzarako, elkarketa-etxolaren sarrerara, Jaunaren aurrera.

24 Apaizak ordain-oparirako bildotsa eta litro erdi bat olioa hartuko ditu eta Jaunari aurkeztuko, errituzko aurkezpen-keinua eginez.

25 Ordain-oparirako bildotsa hilko du eta, haren odol pixka bat harturik, garbitu behar duenaren eskuineko belarria eta eskuineko eskuko eta eskuineko oineko erpuruak igurtziko ditu.

26 Gero, ezkerreko eskuan isuriko du olioa

27 eta, eskuineko behatzez ezkerrean duen oliotik pixka bat harturik, zazpi bider zirtatuko du Jaunaren aurrean.

28 Garbitu behar duenaren eskuineko belarria eta eskuineko eskuko eta eskuineko oineko erpuruak igurtziko ditu eskuan duen olioaz, ordain-opariko bildotsaren odola ezarri duen toki berean.

29 Eskuan gelditzen zaion olioa buru gainera isuriko dio, garbitu behar duenaren garbikuntza-ohikunea Jaunaren aurrean egiteko.

30 Gero, usakume edo usapaletarik bat —eraman ahal izan duena— eskainiko du apaizak; bata barkamen-oparitzat eskainiko du eta bestea erre-oparitzat, labore-opariarekin batera.

31 Honela, garbitu behar duenaren aldeko garbikuntza-ohikunea egingo du apaizak Jaunaren aurrean.

32 «Hau da garbikuntza egiteko behar dena erosteko ahalbiderik ez duen legendunari buruzko legea».

LizunakLizuna: Ik. 13,47 oh. jotako etxeen garbikuntza

33 Honela mintzatu zitzaien Jauna Moisesi eta Aaroni:

34 «Ondaretzat emango dizuedan Kanaan lurraldean sartuko zaretenean, hango etxeren bat lizunaz jotzen badut,

35 etxeko nagusiak, apaizarengana joanik, bere etxeko hormetan lizuna agertu dela adieraziko dio.

36 «Lizuna ikertzera sartu baino lehen, etxea husteko aginduko du apaizak, etxean dagoen guztia kutsa ez dadin; ondoren, etxea miatzera sartuko da.

37 Lizuna miatuko du eta hormak mantxa berdexkak edo gorrixkak dituela eta hauek horma baino sakonagoak direla ikusten badu,

38 etxetik irten eta zazpi egunez itxita utziko du etxea.

39 Zazpi egunen buruan apaiza berriro etorriko da, eta mantxa horman zabaldu dela ikusten badu,

40 mantxa duten harriak kentzeko eta hiritik kanpora, leku kutsatu batera, botatzeko aginduko du.

41 Etxe barru guztia karraskatzeko eta hautsa hiritik kanpora, leku kutsatura, botatzeko aginduko du.

42 Ondoren, beste harri batzuk jarriko dituzte kendutakoen ordez, eta horma zurituko.

43 Baina harriak kendu, etxea karraskatu eta zuritu ondoren, mantxa berriro sortzen bada,

44 miatzera sartuko da apaiza; ikusten badu mantxa zabaldu egin dela, gaitz galgarria du etxeak, eta kutsaturik dago.

45 Beraz, eraitsi egingo dute eta harri, zur eta kare guztia hiritik kanpora botako, leku kutsatura.

46 «Itxirik dagoen aldian etxe hartan sartzen dena kutsaturik geldituko da arratsa arte.

47 Etxe hartan jan edo lo egiten duenak bere arropak garbitu egingo ditu.

48 «Baina zuritu ondoren, miatzera joan eta mantxa ez dela zabaldu ikusten badu apaizak, garbitzat aitortuko du etxea, desagertu baita gaitza.

49 «Orduan, etxearen garbikuntza egiteko, bi hegazti, zedro-zura, purpura gorrimina eta isipua hartuko ditu apaizak.

50 Hegaztietariko bat iturburuko ura daukan buztinezko ontzi baten gainean hilko du.

51 Gero, zedro-zura, isipua, purpura gorrimina eta hegazti bizia harturik, hegazti hilaren odoletan eta iturburuko uretan bustiko ditu, eta zazpi bider zipriztinduko du etxea.

52 Honela, hegaztiaren odol, iturburuko ur, hegazti bizi, zedro-zur, isipu eta purpura gorriminaren bidez etxearen garbikuntza egingo du.

53 Gero, hegazti bizia hiritik kanpo libre utziko du landan. Honela, etxearen garbikuntza-ohikunea egingo du eta garbi geldituko da.

54 «Horra hor edonolako azaleko gaitz, ezkabia,

55 arropen eta etxeen lizun,

56 handitu, zorne eta orbaini buruzko legea,

57 zer eta noiz dagoen kutsatuta edo garbi erabakitzeko emana. Hori da legenari buruzko legea».

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27