Lebitarrena 25 EABD

Urte santuak

Lurrarentzat atseden-urtea (Urte sabatikoa)

1 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi Sinai mendian:

2 «Esan israeldarrei: Emango dizuedan lurraldean sartu ondoren, atseden emango diozue lurrari aldizka, Jaunaren ohorez.

3 Sei urtez ereingo duzue zeuen soroetan, sei urtez inausiko mahastiak eta bilduko uztak;

4 baina zazpigarrenean atseden osoa izango du lurrak; Jaunari sagaraturiko atseden-urtea izango da. Urte horretan ez duzue ereingo soroetan, ez mahastirik inausiko;

5 ez duzue moztuko azken uztaren ondoren berez erneko den garirik, ezta bilduko ere inausi gabe utzitako mahastien fruiturik: atseden-urtea izango da lurrarentzat.

6 Lurraren atsedenaldian ez zaizue faltako zer janik, ez zuei, ez zuen morroi-mirabe eta langileei, ezta zuekin bizi diren etorkinei ere.

7 Zuen abereek eta basabereek, berriz, lurrak berez ematen duena izango dute janari.

Askapen Urtea (Jubileu Urtea)

8 «Konta itzazue zazpi asteko egunak adina urte, zazpi bider zazpi, alegia, berrogeita bederatzi urte guztira.

9 Aldi horren buruan, zazpigarren hilaren hamarrean, Barkamen Egunean, alegia, adarra joko duzue ozenki lurralde osoan.

10 Berrogeita hamargarren urtea urte santutzat hartuko duzue eta “Jubileu Urte” emango diozue izen. Urte horretan askapena aldarrikatuko duzue zeuen lurraldeko biztanle guztientzat: nork bere lurren jabetza berreskuratu ahal izango du, nor bere senitartera itzuliko da.

11 Horrela, bada, berrogeita hamar urtetik berrogeita hamar urtera Jubileu Urtea ospatuko duzue: ez duzue ereingo, ez berez ernetako garirik moztuko, ezta bilduko ere inausi gabe utzitako mahastietan.

12 Jubileu Urtea izango baita, zuek santutzat hartu beharrekoa. Jan ahal izango duzue, ordea, lurrak berez emango duena.

13 «Jubileu Urtean zuetako bakoitzak bere lurren jabetza berreskuratuko du.

14 Herritarren artean lursailak saltzean nahiz erostean, ez egin kalterik batak besteari:

15 salerosketak egitean, izan kontuan azken Jubileu Urteaz gero igarotako urteak eta hurrengoa arte falta direnak:

16 zenbat eta urte gehiago falta, hainbat eta handiagoa prezioa; zenbat eta urte gutxiago, hainbat eta txikiagoa prezioa, saltzen dena gelditzen diren uztak baitira.

17 «Ez biezaio inork herritarrari kalterik egin; horrela erakutsiko duzue begirune diozuela zeuen Jainkoari. Neu naiz Jauna, zuen Jainkoa.

18 Bete nire legeak, gorde nire erabakiak. Bete eta lasai biziko zarete lurraldean.

19 Lurrak zuek ase arte jateko adina uzta emango du, eta kezkarik gabe bizi ahal izango zarete bertan.

20 «Behar bada galdegingo duzue: “Zer jango dugu zazpigarren urtean, ezin badugu erein, ez uztarik bildu?”

21 Hara, nik, Jaunak, ondasunez beteko zaituztet seigarren urtean, lurrari aginduko diot hiru urterako adina uzta emateko.

22 Zortzigarren urtean berriro ereingo duzue; baina bitartean, bederatzigarren urtean uzta bildu artean, uzta zaharretik jan ahal izango duzue.

Lurrak berreskuratzeko eskubidea

23 «Ez da zilegi lurrak behin betiko saltzea, neurea baita lurraldea, eta zuek ez zarete bertan etorkin besterik, nirean ostatuz bizi zaretenak.

24 Beraz, jabetzan emango dizuedan lurraldean, jarri indarrean lurrak berreskuratzeko eskubidea.

25 «Zuetako batek zorrak egin eta lursailen bat ezinbestean saltzen badu, haren ahaide hurbilenak berreskuratuko du hark saldutakoa, horretarako eskubidea baitu.

26 Norbaitek, jabetza berreskura diezaiokeen ahaiderik eduki ez arren, bere kabuz horretarako adina diru lortzen badu,

27 bere lursailaren jabetza berreskuratuko du, hurrengo Jubileu Urtea arte falta diren urteen arabera erosleari zor dion diru-kopurua itzuli ondoren.

28 Baina jabetza berreskuratzeko adina diru lortzeko gauza ez bada, eroslearen esku geldituko da Jubileu Urtea arte. Orduan, erosleak ez du jadanik berea izango, eta jatorrizko jabeak berreskuratuko du.

29 «Harresidun hiri bateko etxebizitza saltzen duenak mugatua du berreskuratzeko eskubidea: salmenta-egunaren ondoko urtean bakarrik berreskura dezake.

30 Berreskuratzen ez badu, behin urtea burutuz gero, eroslearen eta beronen ondorengoen esku geldituko da betiko; Jubileu Urtean ere ez dute jabetza galduko.

31 Aitzitik, harresi gabeko herri irekietako etxeak baserri-lurren arabera hartuko dira: berreskuratze-eskubidea noiznahikoa da eta, dena dela, Jubileu Urtean etxea bere jatorrizko jabeari itzuliko zaio.

32 «Lebitarrei dagokienez, noiznahi izango dute lebitar-hirietan dituzten etxeak berreskuratzeko eskubidea.

33 Etxea erosi duena beste lebitar bat bada ere, Jubileu Urtean jatorrizko jabeari itzuliko zaio, zeren israeldarren artean lebitarren jabetza bakarra lebitar-hirietako etxeak baitira.

34 Lebitar-hirietako herri-lurrak ez daitezke sal, lebitarren behin betiko jabetza baitira.

Pobreekiko jokabidea

35 «Zuen herritarren bat zorrak egin eta zuekin zituen betebeharrei aurre egin ezinik aurkitzen bada, lagundu egingo diozue eta bizirik irauteko modua emango, zuen artean bizi den etorkinari bezala.

36 Ez diozue inolako interesik eskatuko. Horrela erakutsiko duzue begirune diozuela zeuen Jainkoari, eta zuei esker bizi ahal izango da herritarra.

37 Ez eman dirua interesak jasotzeko asmoz, ezta janaria ere etekina ateratzeko.

38 Neu naiz Jauna, zuen Jainkoa, Kanaan lurraldea emateko eta zuen Jainko izateko Egiptotik atera zintuztena.

Pertsonak berreskuratzeko eskubidea

39 «Zuen herritarrak zuekin zorrak egin eta bere burua esklabotzat saltzen badizue, ez behartu esklabo-lanetara:

40 hartu langilea edo zuenean bizi den morroia bezala. Jubileu Urtea arte egingo du lan zuentzat.

41 Gero, zuen etxea utziko du bere seme-alabekin batera, eta bere senitartera eta famili ondarera itzuliko da.

42 Izan ere, israeldarrak nire zerbitzari dira, neuk atera bainituen Egiptotik. Horregatik, ez daitezke sal esklaboak saltzen diren moduan.

43 Ez itzazue gogor erabil; horrela erakutsiko duzue begirune diozuela zeuen Jainkoari.

44 «Gizonezko nahiz emakumezko esklaborik eduki nahi baduzue, eros itzazue auzo-herrietako jende artetik.

45 Eros ditzakezue zuen artean bizi diren etorkinen seme-alabak, baita zuen lurraldean jaio zaizkien familiakideak ere. Izan zaitezkete haien jabe

46 eta jabetza zeuen ondorengoei betiko utzi. Horiek, bai, esklabotzat eduki ditzakezue, baina herritarren artean, israeldarren artean, ez duzue batak bestea gogor hartuko.

47 «Etorkina edo zuen artean bizi den atzerritarra aberasten bada, eta zuen herritarrak harekin zorrak egin eta ezinbestean hari nahiz beste atzerritar familiakideren bati bere burua saltzen badio,

48 noiznahi izango du askatasuna berreskuratzeko eskubidea. Bere senitartekoren batek berreskura dezake:

49 osabak, lehengusuak nahiz beste edozein ahaidek; baita berak ere hartarako modurik aurkituko balu.

50 Horretarako, eroslearekin elkar harturik, bere burua saldu zuen urtetik Jubileu Urtea arteko denboraren kontua aterako du. Askapenaren prezioa urte-kopuruaren araberakoa izango da; lanean egin dituen urteen balioaren kontua, berriz, langileen soldata oinarritzat harturik aterako da.

51-52 Jubileu Urtea arte denbora asko nahiz gutxi falta izan, gelditzen diren urteei dagokiena itzuliko du askapen-sari gisa.

53 Jabeak langile bat bezala hartuko du berekin emango dituen urteetan; ez diozue utziko herritarrari tratu txarra ematen.

54 Berreskuratzea lortzen ez badu, nolanahi ere Jubileu Urtean libre geldituko da bere seme-alabekin batera.

Itunerako deia

55 «Izan ere, neure zerbitzari ditut israeldarrak; bai, neure zerbitzari, neuk atera bainituen Egiptotik. Neu naiz Jauna, zuen Jainkoa.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27