1 Jauna Moisesi mintzatu zitzaion, Aaronen semeak hil ondoren —hauek Jaunarengana hurbiltzeagatik hil ziren—.
2 Jaunak esan zion Moisesi: «Esan Aaron zeure anaiari ez dadila noiznahi sar santutegian errezelaz barrualdera, kutxa gaineko estalkiaren aurrera; hil egingo litzateke bestela, zeren kutxaren estalki gainean agertzen bainaiz ni lainoan.
3 Barkamen-oparirako zekorra eta erre-oparirako aharia eramanez sartuko da Aaron santutegian.
4 Lihozko tunika sakratua jantzita sartuko da, lihozko galtzaz estalita eta lihozko gerrikoa eta buruzapia jarrita; jantzi sakratuak direnez gero, bainua hartu ondoren jantziko ditu.
5 «Israeldarren elkarteagandik bi aker hartuko ditu barkamen-oparirako eta ahari bat erre-oparirako.
6 Aaronek bere barkamen-opariko zekorra eskainiko du lehenbizi eta bere eta etxekoen aldeko barkamen-ohikunea egingo.
7 Gero, bi akerrak harturik, Jaunaren aurrean ipiniko ditu, elkarketa-etxolaren sarreran.
8 Aaronek zotz egingo du zein aker izango den Jaunarentzat eta zein Azazelentzat erabakitzeko.
9 Bata, zorteak Jaunarentzat aukeratua, aurkeztu eta barkamen-oparitzat eskainiko du.
10 Bestea, zorteak Azazelentzat aukeratua, bizirik ipiniko du Jaunaren aurrean, haren gain barkamen-ohikunea egiteko; gero, Azazeli bidaliko dio basamortura.
11 «Aaronek bere barkamen-opariko zekorra aurkeztuko du eta hil, bere eta etxekoen aldeko barkamen-ohikunea eginez.
12 Jaunaren aurrean dagoen aldareko ikatz goriz errautsontzia betez eta bi eskutada intsentsu-hauts usaintsu hartuz, errezelaz barrualdera eramango ditu.
13 Jaunaren aurrean, intsentsua ikatz gorietara botako du; intsentsuaren keak itun-agiriaren gaineko estalkia estaliko du, eta Aaron ez da hilko.
14 Zekorraren odoletik pixka bat hartu eta behatzez estalkia zipriztinduko du ekialdetik; gero, zazpi bider zirtatuko du behatzez estalki aurrean.
15 Ondoren, herriaren barkamen-oparirako akerra hilko du; honen odola errezelaz barrualdera eramango du eta zekorraren odolaz eginikoa bera egingo: estalkia zipriztinduko du eta estalki aurrean zirtatuko.
16 Honela, santutegiaren garbikuntza-ohikunea egingo du, israeldarren kutsadura, errebeldia eta bekatu guztiengatik. Beste horrenbeste egingo du israeldarren artean, beraien kutsaduren erdian, dagoen elkarketa-etxolarekin.
17 «Ez da beste inor elkarketa-etxolan egongo, Aaron barkamen-ohikunea egitera sartzen denetik irtengo den arte. Bere, etxekoen eta israeldarren elkarte osoaren aldeko barkamen-ohikunea eginik,
18 atera egingo da Aaron, eta Jaunaren aurrean dagoen aldarearen garbikuntza-ohikunea egingo du. Zekorraren eta akerraren odoletik pixka bat harturik, aldare-ertzeko adarrak igurtziko ditu alde guztietatik,
19 eta zazpi bider zipriztinduko du aldarea behatzez; honela, israeldarren erruek eragindako kutsaduratik garbituko du eta sagaratuko.
20 «Santutegiaren, elkarketa-etxolaren eta aldarearen garbikuntza-ohikunea amaitu ondoren, Aaronek akerra aurkeztuko du.
21 Bi eskuak aker biziaren buruan ezarriz, israeldarren gaiztakeria, errebeldia eta bekatu guztien aitormena egingo du. Honela, akerraren burura botako ditu guztiak, eta horren kargu duenaren eskuz basamortura bidaliko du.
22 Akerrak berekin eramango ditu israeldarren erru guztiak eremu elkorrera. Akerra basamortura bidali ondoren,
23 elkarketa-etxolan sartuko da Aaron; santutegian sartzeko jantziriko lihozko tunika erantzi eta bertan utziko du.
24 Bainua egingo du toki sakratuan eta, bere beste arropak jantzirik, berriro aterako da, eta bere erre-oparia eta herriarena eskainiko ditu, bere eta herriaren aldeko barkamen-ohikunea eginez.
25 Azkenik, barkamen-oparigaiaren gantza aldarean erreko du.
26 «Azazelentzako akerra eraman duenak arropak eta gorputza garbituko ditu, kanpalekuan sartu aurretik.
27 Barkamen-oparirako zekorra eta akerra, zeinen odola barkamen-ohikunea egiteko santutegira eramana izan baita, kanpalekutik aterako dituzte eta haien larru, haragi eta hesteak erreko.
28 Erretzaileak arropak eta gorputza garbituko ditu, kanpalekuan sartu aurretik.
29 «Betiko lege izango duzue hau: zazpigarren hilaren hamarrean barau egingo duzue; ez duzue inolako lanik egingo, ez bertakoek, ez zuen artean bizi diren etorkinek,
30 egun horretan egingo baita zuen aldeko barkamen-ohikunea, garbi zaitezten; bekatu guztietatik garbi geldituko zarete Jaunaren aurrean.
31 Betiko legea da: egun hori atseden-egun berezia izango duzue, barauari emana.
32 «Gerora, bere aitaren ordez apaizgoa hartzeko gantzutuko duten apaizak egingo du barkamen-ohikunea; lihozko jantzi sakratuak jantziko ditu,
33 toki santu santuaren, elkarketa-etxolaren eta aldarearen garbikuntza-ohikunea eta apaizen eta elkarte osoaren aldeko barkamen-ohikunea egiteko.
34 «Betiko lege izango duzue hau: urtean behin, israeldarren bekatu guztiengatik barkamen-ohikunea egingo da».Dena Jaunak Moisesi agindu bezala egin zuten.