1 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:
2 «Esan israeldarrei: Norbaitek, israeldarra nahiz Israelen bizi den etorkina izan, seme-alabaren bat Molok jainkoari oparitan eskaintzen badio, heriotza-zigorra izango du: harrika hilko du herriko jendeak.
3 Neure aldetik, aurpegi emango diot horrelakoari eta herritik bota egingo dut, bere semea nahiz alaba eskaintzean nire santutegia kutsatu baitu eta nire izen santua profanatu.
4 Eta herriko jendeak ez ikusiarena egiten badu, hori egin duena heriotzara ez ematearren,
5 neuk esku hartuko dut haren kontra eta haren familiaren kontra: bota egingo ditut herritik, bai bera, bai berarekin batera Moloki kultua emanez desleial izango zaizkidan guztiak.
6 «Aurpegi emango diot nekromante eta igarleengana jotzen duenari ere eta bota egingo dut herritik, idolatriaren pareko baita jokaera hori.
7 «Gorde garbi zeuen burua, santu izan zaitezten, neu bainaiz Jauna, zuen Jainkoa.
8 «Bete arretaz nire legeak. Neu naiz Jauna, neuretzat sagaratu zaituztena.
9 «Aita nahiz ama madarikatzen duenak heriotza-zigorra izango du. Gurasoak madarikatu dituenez gero, berea izango du heriotzaren errua.
10 «Norbaitek beste baten emaztearekin adulterioa egiten badu, heriotza-zigorra izango dute bi errudunek.
11 «Norbait aitaren emazte batekin oheratzen bada, aita desohoratzen du: heriotza-zigorra izango dute bi errudunek. Berena izango dute heriotzaren errua.
12 «Norbait errainarekin oheratzen bada, heriotza-zigorra izango dute bi errudunek. Berena izango dute heriotzaren errua, egin duten ustelkeriagatik.
13 «Norbait emakumeekin ohi bezala gizonezkoarekin oheratzen bada, higuingarritasuna egiten dute biek: heriotza-zigorra izango dute. Berena izango dute heriotzaren errua.
14 «Norbait emakume batekin eta beronen amarekin ezkontzen bada, itsuskeria egiten du: erre egingo dituzte bera eta bi emakumeak. Ez da horrelako itsuskeriarik izango zuen artean.
15 «Norbaitek abere batekin haragizko bekatua egiten badu, heriotza-zigorra izango du, eta aberea ere hil egingo dute.
16 Era berean, emakumea abere batekin elkar batzen bada, heriotzara emango dituzte emakumea eta aberea. Berena izango dute heriotzaren errua.
17 «Norbait bere arrebaordearekin, aitaren nahiz amaren alabarekin, ezkontzen bada eta sexu-harremanak badituzte, lotsagarrikeria egiten dute eta herriaren begi-bistan zigortuko dituzte. Bere arrebaordearekin sexu-harremanak dituenak bere erruaren ondorenak jasan beharko ditu.
18 «Norbaitek hilerokoa duen emakumearekin oheratu eta sexu-harremanak baditu, agerian jartzen du —eta emakumeak berak ere bai— odoljarioaren iturria. Beraz, herritik bota egingo dituzte.
19 «Ez izan sexu-harremanik ez aitaren arrebarekin, ez amaren ahizparekin. Odol berekoak direnez gero, beren erruaren ondorenak jasan beharko dituzte biek.
20 «Norbait izebarekin oheratzen bada, osaba desohoratzen du. Beren bekatuaren ondorenak jasan beharko dituzte: seme-alabarik gabe hilko dira.
21 «Norbait koinatarekin ezkontzen bada, nazkagarrikeria egiten du; anaia desohoratu duenez gero, ez dute ondorengorik izango.
22 «Bete arretaz nire lege eta erabaki guztiak. Horrela, bizitzera eramango zaituztedan lurraldeak ez zaituzte okaztatu eta kanpora botako.
23 Ez bizi zuen aurretik botatzen ditudan herrien legeen arabera; horrelako gauzak egin dituztelako, hain zuzen, ezin jasan izan ditut.
24 Zuei, berriz, haien lurraldearen jabe izango zaretela hitzeman dizuet. Neuk emango dizuet jabetzan eztia eta esnea darizkion lurralde hori.«Neu naiz Jauna, zuen Jainkoa, beste herrietatik bereizi zaituztena.
25 Beraz, zuek ere bereizi egingo dituzue abere garbiak kutsatuetatik, hegazti garbiak kutsatuetatik. Ez dezazuela bihur zeuen burua higuingarri, abereak, hegaztiak eta narraska dabiltzan piztiak direla eta; neuk egin dut bereizketa, kutsatuak zein diren jakin dezazuen.
26 «Izan zaitezte niretzat sagaratuak, ni, Jauna, santua bainaiz, eta herri guztien artetik bereizi baitzaituztet nireak izateko.
27 «Nekromante- edo igarle-lanbidea duen gizonak nahiz emakumeak heriotza-zigorra izango du: harrika hilko dituzte. Berena izango dute heriotzaren errua».