1 «Norbaitek, ikusiz nahiz entzutez lekuko izan eta, zinpean aitormen egitera deitua izan delarik, dakiena aitortzen ez badu, bekatu egiten du eta errudun bihurtzen.
2 «Zerbait kutsatua ukitzen duena, hala nola basabere nahiz etxabere kutsatu baten edo piztiaren baten sarraskia, konturatu gabe izanda ere, kutsatu bihurtzen da eta errudun.
3 «Kutsaturik dagoen pertsona ukitzen duena, nolanahikoa dela kutsadura, konturatu gabe izanda ere, errudun bihurtzen da.
4 «Jendeak ohi duen bezala, honetaz eta hartaz zin-hitza arinkeriaz ematen duena, mesederako nahiz kalterako izan, eta konturatu gabe izanda ere, errudun bihurtzen da konturatzean.
5 «Kasu horietako batean errudun bihurtu denak bere bekatua aitortuko du,
6 eta artaldeko eme bat, ardia nahiz ahuntza, eramango dio Jaunari bekatuaren barkamen-oparitzat. Eta apaizak pertsona horren bekatuaren barkamen-ohikunea egingo du.
7 «Ardia edo ahuntza erosteko ahalbiderik ez duenak, bi usapal edo bi usakume eramango dizkio Jaunari egin duen bekatuaren ordain, bata barkamen-oparirako eta bestea erre-oparirako.
8 Apaizari eramango dizkio. Apaizak barkamen-oparitzat eskaini beharrekoa aurkeztuko du lehenbizi; burua moztuko dio lepo-hezur ondotik, baina erabat erauzi gabe;
9 hegaztiaren odol pixka batez aldarearen alboa zipriztinduko du, gainerako odola aldare-oinean isuriz. Barkamen-oparia da hau.
10 Bigarren hegaztia erre-opari gisa eskainiko du, arautua dagoen eran. Era honetan egingo du apaizak bekatuaren barkamen-ohikunea eta barkatua izango du pertsona horrek bekatua.
11 «Bi usapal edo bi usakume erosteko ahalbiderik ez duenak, lau kilo ogi-irin garbi eramango ditu barkamen-oparitzat. Ez dio oliorik isuriko gainera, ezta intsentsurik ezarriko ere, barkamen-oparia baita.
12 Apaizari eramango dio. Apaizak eskutada bat irin hartuko du eskaintzailearen oroigarritzat eta aldarean erreko, Jaunaren ohorez erretako opariekin batera. Barkamen-oparia da hau.
13 Era honetan egingo du apaizak bekatuaren barkamen-ohikunea eta barkatua izango du pertsona horrek bekatua. Gainerako irina apaizarentzat izango da, labore-oparietan bezala».
14 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:
15 «Norbaitek, Jaunari sagaratu beharreko emaitzetan iruzur eginez, oharkabean bekatu egiten badu, ahari akats gabea eramango dio Jaunari ordain-oparitzat; zilarretan hainbesteko bat balioko du ahariak, santutegiko pisu-neurriaren arabera.
16 Gainera, Jaunari sagaratu beharreko emaitzetan iruzur egina eta bosteko bat gehiago itzuli beharko du eta apaizari eman. Apaizak, ordain-oparitzat aharia eskainiz, haren aldeko barkamen-ohikunea egingo du eta barkatua izango du bekatua.
17 «Norbaitek, Jaunak debekatua duen zerbait eginez, konturatzeke bekatu egiten badu, errudun bihurtzen da eta bere hobenaren ondorenak jasan behar ditu.
18 Beraz, ahari akats gabea eramango dio apaizari, ordain-oparikoaren balio berekoa. Konturatzeke bekatu egin duenaren alde barkamen-ohikunea egingo du apaizak eta hark barkatua izango du bekatua.
19 Ordain-oparia da hau, delako pertsona hori egiaz baitzen errudun Jaunaren aurrean».
20 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:
21 «Norbaitek Jaunarekiko desleial jokatzen badu, herritarrari zaintzeko nahiz mailegaturik hartua zion zerbaitetan iruzur eginez, edota zerbait ostuz nahiz bortxaz kenduz,
22 edota galdua zegoen gauza bat aurkitu duela ukatuz, edota, gizartean egin ohi den bidegabekerietakoren bat zuritzeko gezurretan zin eginez,
23 bekatu egiten du eta errudun bihurtzen da. Beraz, itzuli edo ordaindu egin beharko du, bai ostu edo bortxaz kendu duena, bai zaintzeko utzi zaiona edo, galdua egonik, berak aurkitu duen gauza;
24 baita gezur-zinez zuritu nahi izan duen zernahi bidegabekeria ere. Gainera, bosteko bat gehiago ordainduko dio Jaunari, bere errua aitortu bezain laster.
25 Ahari akats gabea eramango dio apaizari Jaunarentzat ordain-opari gisa, beste ordain-oparietarako erabilien baliokoa.
26 Apaizak haren alde barkamen-ohikunea egingo du Jaunaren aurrean eta barkatua izango du bekatua, edozein dela ere errudun bihurtu duen bekatua».