13 Baina alargundu delako edo senarrak zapuztu duelako, seme-alabarik ere ez duelarik, ezkongabetan bezala aitaren etxera itzultzen bada, jan ahal izango du aitaren janaritik. Laikoek, dena den, ez dezakete hartatik jan.
14 «Norbaitek oharkabean opari sakratuetatik zerbait jaten badu, jan duenaren ordaina eta bosteko bat gehiago itzuliko dio apaizari.
15 «Apaizek ez dituzte profanatuko israeldarrek Jaunari eskainiriko opari sakratuak, berari bakarrik dagozkionak;
16 erru izugarria bereganatuko lukete, opari horiek jango balituzte. Neu naiz Jauna, opariak sagaratzen ditudana».
17 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:
18 «Esan Aaroni, beronen semeei eta israeldar guztiei: Norbaitek, israeldarra nahiz Israelen bizi den etorkina izan, botoren bat betetzeko edo norberaren borondatez egin ohi diren erre-oparietakoren bat Jaunari eskaini nahi badio,
19 abere arra eta akats gabea aurkeztuko du, Jaunak atseginez onar diezaion: zekorra, aharia nahiz akerra.