34 «Esan israeldarrei: Zazpigarren hilaren hamabostean hasita, zazpi egunez Etxola Jaia ospatuko duzue Jaunaren ohorez.
35 Lehenengo egunean batzar sakratua izango duzue eta ez da ohiko lan arruntik egingo.
36 Zazpi egun horietan opariak erreko dituzue Jaunaren ohorez. Zortzigarren egunean batzar sakratua izango duzue berriro eta era berean oparia erreko Jaunaren ohorez. Batzar-egun honetan ere ez da ohiko lan arruntik egingo.
37 «Horiek dira Jaunaren festaburuak, eta horietan batzar sakratua ospatuko duzue, Jaunaren ohorez opariak eskaintzeko: erre-opariak eta labore-opariak, elkartasun-opariak eta isur-opariak, jai bakoitzari dagokion arabera;
38 hori guztia, asteroko atseden-eguneko opariez gain eta nork bere borondatez edo botoren bat betetzeko Jaunari eskainitako opari eta sakrifizioez gain.
39 «Zazpigarren hilaren hamabostean, uzta bildu ondoren, zazpi egunez egingo duzue jai Jaunaren ohorez, lehen egunean eta zortzigarrenean atseden hartuz.
40 Lehen egunetik arbola jorien fruituak, palmondo-erramuak eta zuhaitz hostotsuen eta erreka-bazterreko sahatsen adarrak eskuetan harturik, zazpi egunez zuen poza adieraziko duzue Jaunaren, zeuen Jainkoaren, aurrean.