8 Asteko egun bakoitzean opariak erreko dituzue Jaunaren ohorez. Zazpigarrenean batzar sakratua egingo duzue berriro eta ez da ohiko lan arruntik egingo».
9 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:
10 «Esan israeldarrei: Nik emango dizuedan lurraldean sartu eta bertako uzta bil dezazuenean, lehenengo gari-sorta apaizari eramango diozue.
11 Apaizak, errituzko keinua eginez aurkeztuko dio Jaunari, atseginez onar dezan. Larunbat biharamunean aurkeztuko du.
12 Egun berean urtebeteko bildots akats gabea eskainiko diozue Jaunari erre-oparitzat;
13 gainera, olioz oraturiko zortzi kilo ogi-irin garbi labore-oparitzat eta litro bat ardo isur-oparitzat. Jaunak atseginez onartuko du bere ohorez erretako oparia.
14 Ez duzue uztaren emaitzarik jango, ez ogirik, ez gari errerik, ez gari berririk, Jaunari oparia eramango diozuen eguna arte. Betiko lege izango duzue hau belaunez belaun, biziko zareten edonon.