11 Promes hau egin zion: «Jaun ahalguztiduna, begira zeure mirabe honen atsekabeari. Oroit zaitez nitaz. Ez ahaztu zeure mirabe hau. Jauna, semea ematen badidazu, zeuri eskainiko dizut bizitza osorako. Labanak ez du haren ile-adatsa moztuko».
12 Luze ari izan zitzaion Ana otoitzean Jaunari. Elik, bitartean, ahora begiratzen zion.
13 Ana, ordea, berekiko mintzo zen; ezpainak erabiltzen zituen, bai, baina ez zitzaion ahotsa aditzen. Horregatik, mozkortzat hartu zuen Elik,
14 eta esan zion:—Noiz arte egon behar duzu mozkor? Bota ezazu barruko ardo hori!
15 Anak ihardetsi zion:—Ez, ene jauna. Erabat nahigabetua nauzu. Ez dut ardorik edan, ezta inolako edari mozkorgarririk ere. Neure barrua hustu dut Jaunaren aurrean.
16 Ez nazazu har emakume txartzat. Neure atsekabe handiaz, neure nahigabeaz, mintzatu natzaio Jaunari orain arte.
17 Orduan, esan zion Elik:—Zoaz bakean, eta eman diezazula Israelen Jainkoak eskatutakoa.