1 Samuel
Kapituluak 21
Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena)
David eta Ahimelek apaiza
1Jonatan hirira itzuli zen; David, berriz,
2Nob-era, Ahimelek apaizarengana. Ahimelek, harriturik, bidera atera zitzaion Davidi, esanez:—Nolatan zatoz bakarrik, beste inor gabe?
3Davidek Ahimelek apaizari:—Agindu hau eman dit erregeak: «Ez dezala inork jakin zertara bidaltzen zaitudan eta zer agindu dizudan». Mutilei, berriz, halako tokira egin diet dei.
4Zer duzu eskura? Emazkidazu bost ogi edo aurkitzen duzuna.
5Apaizak erantzun zion Davidi:—Ez dago ogi arruntik, ogi sakratua baizik; emango dizut, baldin eta mutilek emakumeekin harremanik izan ez badute.
6Davidek apaizari:—Badakizu gudura ateratzen garenean debekatua dugula emakumeekin harremanak izatea. Irten nintzenean nire mutilen gorputzak garbi zeuden, irtenaldi arrunta izan arren. Are garbiago daude, beraz, gaur mutilen gorputzak.
7Orduan, apaizak ogi sakratua eman zion, ez baitzen han beste ogirik, Jaunari eskainiak baizik; Jaunaren aurretik kenduak ziren, ogi berria ezartzeko.
8Han zegoen, egun hartan, Jaunaren santutegian gelditua, Saulen zerbitzarietako bat; Doeg zuen izena, Edomgoa eta Saulen artzainburua.
9Davidek esan zion Ahimeleki:—Ba al duzu hemen eskura lantzarik edo ezpatarik? Ez ditut hartu neure ezpata eta neure armak, erregearen agindua oso presakakoa baitzen.
10Apaizak erantzun:—Hementxe dut, zeuk Terebinto haranean hil zenuen Goliat filistearraren ezpata, oihal batean bildua, efod delako apaiz-jantziaren atzean. Hartzazu, nahi baduzu, ez baitago besterik.Davidek esan zuen:—Ez da hori baino hoberik. Emadazu!
David Gateko filistearren artean
11Abiatu zen David eta Saulengandik urruti joan zen, ihesi, egun hartan. Gateko errege Akixengana heldu zen.
12Zerbitzariek, ordea, esan zioten Akix erregeari:—Ez al da hori David, bere herrian errege dena? Ez al zioten horri kantatzen, dantza eginez, «Saulek mila hil, Davidek hamar mila»?
13Gogoan hartu zituen Davidek hitz hauek, eta Gateko errege Akixi beldur handia hartu zion.
14Zoro-itxurak egin zituen haien aurrean, haien artean erotuak bezala jokatuz; ate nagusietan atzamarka hasi zen, bizarrean behera lerdea zeriola.
15Akixek esan zien bere zerbitzariei:—Ez al duzue ikusten gizon hau erotua dagoela? Zertarako ekarri didazue?
16Ez ote dugu, bada, geuk aski zoro, nire aurrean zorakeriak egitera hau ekartzeko? Hau ere etxean sartu behar ote zait?