1 Samuel 11 EABD

Saul amondarren kontra

1 Nahax amondarra Galaadeko Jabex hiriari erasotzen hasi zitzaion. Jabexeko bizilagunek esan zioten Nahaxi:—Egin dezagun ituna, eta menpeko izanen gaituzu.

2 Nahax amondarrak erantzun zien:—Eginen dut, bai, zuekin ituna, baina guztioi eskuineko begia ateratzekotan, Israel osoa lotsagarri gerta dadin.

3 Jabexeko buruzagiek eskatu zioten, orduan:—Emaguzu zazpi eguneko epea, Israel lurralde osora mandatariak bidaltzeko. Lagunduko digunik inor ez bada, zure menpe jarriko gara.

4 Heldu ziren mandatariak Gibeara, Saulen hirira, eta jakinarazi zioten arazoa herriari. Orduan, herri osoa oihuka hasi zen eta negarrez.

5 Une hartantxe zetorren Saul alorretik, idien ondoren, eta galdetu zuen:—Zer du herriak negar egiteko?Orduan, Jabexeko jendeak esandakoa adierazi zioten.

6 Hitz haiek aditzen ari zela, Jaunaren espirituak hartu zuen Saul eta amorru bizitan jarri zen.

7 Idi-parea hartu, laurkitu eta Israel lurralde osora bidali zituen puskak mandatari haiekin, esanez: «Hona zer egingo diegun Saulen eta Samuelen ondoren etortzen ez denaren idiei». Jaunaren beldurrak hartu zuen, orduan, herri osoa, eta denak bat eginik atera ziren.

8 Zenbatu zituen Saulek Bezek-en: hirurehun mila israeldar ziren eta hogeita hamar mila Judako seme.

9 Saulek, orduan, esan zien etorritako mandatariei:—Esaiezue Galaadeko Jabexekoei: «Bihar eguzkiak berotzean salbatuko zaituztegu».Itzuli ziren, bada, mandatariak eta esan zieten hori Jabexekoei. Hauek poztu egin ziren,

10 eta honela esan zieten amondarrei: «Bihar zuengana aterako gara, eta egokien deritzazuena egingo diguzue».

11 Biharamun goizean, Saulek hiru sailetan antolatu zuen gudarostea; egunsentian etsaiaren kanpaleku erdiraino sartu eta, eguerdiraino amondarrak triskatzen jardun zuen. Bizirik iraun zutenak sakabanatu egin ziren, bi lagun batera ez gelditzeraino.

12 Orduan, herriak esan zion Samueli:—Non dira Saul erregetzat nahi ez zutenak? Emazkiguzu, eta hil egingo ditugu.

13 Saulek, berriz:—Ez bedi gaur inor hil, Jaunak salbatu egin baitu gaur Israel.

14 Samuelek, orduan, herriari:—Zatozte. Goazen Gilgalera eta berrizta dezagun han erregetza.

15 Herri osoa Gilgalera joan zen, eta han, Jaunaren santutegian, errege izendatu zuten Saul. Gero, elkartasun-opariak eskaini zizkioten Jaunari. Saul eta israeldarrak biziki poztu ziren.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31