1 Samuel 3 EABD

Jaunak Samueli dei egin

1 Samuel mutikoa Jaunaren zerbitzuan ari zen Eliren ardurapean. Jainkoa garai hartan ez zen maiz mintzatzen, eta ikuskaririk ere ez zuen inork sarritan izaten.

2 Gau batez bere gelan zetzan Eli; begiak lausotzen ari zitzaizkion eta ezin zuen ikusi.

3 Jaunaren kriseilua ez zen oraino itzalia. Samuel ere lo zegoen Jainkoaren kutxa zegoen Jaunaren santutegian.

4 Jaunak dei egin zion Samueli, eta honek erantzun:—Hemen nauzu.

5 Lasterka Elirengana joan eta esan zion Samuelek:—Hemen nauzu, dei egin baitidazu.Elik ihardetsi zion:—Ez dizut nik dei egin. Itzul zaitez eta egizu lo.Joan eta etzan zen lotarako.

6 Jaunak berriro dei egin zion Samueli. Hau jaiki eta Elirengana joan zen, esanez:—Hemen nauzu, dei egin baitidazu.Elik erantzun:—Ez dizut nik dei egin, ene seme. Itzul zaitez eta egizu lo.

7 Samuelek ez zuen oraindik Jauna ezagutzen, honek ez baitzion bere hitza inoiz ere adierazi.

8 Hirugarren aldiz egin zion dei Jainkoak Samueli. Jaiki eta Elirengana joan zen, esanez:—Hemen nauzu, dei egin baitidazu.Antzeman zion Elik Jauna ari zitzaiola deika,

9 eta esan zion mutikoari:—Zoaz eta egizu lo. Norbaitek berriro dei egiten dizula entzuten baduzu, esan: «Mintza, Jauna, adi duzu zeure morroi hau».Itzuli eta lotarako etzan zen Samuel bere tokian.

10 Jaunak, hurbildurik, dei egin zion, lehengoetan bezala:—Samuel, Samuel!Samuelek erantzun:—Mintza zaitez, adi duzu zeure morroia!

11 Eta honela mintzatu zitzaion Jauna Samueli: «Hara, zerbait egin behar dut Israelen. Entzungo duten guztiei durundi egingo diete bi belarriek.

12 Eliren etxearen kontra esan dudan guztia beteko dut egun horretan, hasi eta bukatu.

13 Jakinarazi nion bere etxea betiko zigortuko nuela, egin dituzten gaiztakeriengatik. Bazekien bere semeak Jainkoa iraintzen ari zirena, eta ez zituen zuzenarazi.

14 Horregatik, zin egin diot Eliren senitarteari, ezin izango duela sekula bere gaiztakeria garbitu, ez opariak eginez, ez eskaintzak ekarriz».

15 Samuelek lo egin zuen egunsentia arte. Goizean ireki zuen Jaunaren etxeko atea. Baina beldur zen ikuskaria Eliri adierazteko.

16 Eta Elik dei egin zion Samueli:—Samuel, ene seme.Samuelek erantzun:—Hemen nauzu.

17 Eta galdetu zion Elik:—Zer esan dizu? Ez gorde, arren, deus ere. Zigor zaitzala gogor Jainkoak, esan dizkizun hitzetarik bat ere isiltzen badidazu.

18 Samuelek, beraz, Jaunak esandako guztia jakinarazi zion, deus ere gorde gabe. Elik erantzun zuen:—Bera da Jauna. Egin beza egoki iruditzen zaiona.

19 Hazi zen Samuel, eta berekin zuen Jauna. Ez zen gelditu bete gabe Jaunaren hitz bakar bat ere.

20 Dandik Beer-Xebaraino, Israel osoak jakin zuen Jaunak bere profeta egina zuela Samuel.

21 Xilon agertuz jarraitu zuen Jaunak, han baitzion hitz egiten Samueli.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31