1 Hiru egunen buruan, David Tziklagera heldu zen bere gizonekin. Baina amalektarrek eraso egina zieten Negev eskualdeari eta Tziklag hiriari; Tziklagi hondatu eta su eman zioten;
2 emakumeak eta hirian zirenak, txiki nahiz handi, atxilotuak zeramatzaten beren bidetik, baina bat ere hil gabe.
3 Davidek eta bere gizonek, heldu zirenean, hiria sutan eta beren emazte eta seme-alabak gatibu eraman zituztela aurkitu zuten.
4 Davidek eta bere jendeak garrasika hasi eta negar egiteko ere indarrak akitu arte egin zuten negar.
5 Daviden bi emazteak ere, Izreelgo Ahinoam eta Karmelgo Nabalen emazte izaniko Abigail, eramanak zituzten atxiloturik.
6 Davidek estuasun handia izan zuen, harrika emango ziola baitzioen jendeak; hain atsekabetuak zeuden, izan ere, gizonak beren seme-alabengatik. Davidek, orduan, bere Jainko Jaunarengandik hartu zuen indarra.
7 Davidek Ahimeleken seme Abiatar apaizari dei egin eta esan zion:—Ekatzu, mesedez, efod hori.Ekarri zion Abiatarrek Davidi efoda.
8 Honela egin zion kontsulta Davidek Jaunari:—Joango al naiz lapur-talde horren ondoren? Harrapatuko ote ditut?Jaunak erantzun:—Zoaz ondoren! Horixe harrapatuko dituzula eta askatuko zutarrak!
9 David berekin zituen seiehun gizonekin abiatu eta Besor ibarrera heldu zen; batzuk han gelditu ziren.
10 Davidek aurrera egin zuen laurehun gizonekin; gainerako berrehunak gelditu egin ziren, nekearen nekez ezin baitzuten Besor ibarra igaro.
11 Bazter haietan egiptoar bat aurkitu zuten eta Davidengana eraman. Eman zizkioten ogia jaten eta ura edaten;
12 piku-opil puska bat eta bi mahaspasa-mordo ere eman zizkioten. Jan zituen eta indarrak hartu, hiru gau eta hiru egun ogirik jan gabe eta urik edan gabe baitzegoen.
13 Davidek galdetu zion, orduan:—Norena zara eta nongoa?Mutilak erantzun:—Egiptoarra nauzu, amalektar baten esklaboa. Nagusiak utzi egin ninduen duela hiru egun, gaixotu egin bainintzen.
14 Keretarren hegoaldeari, Juda eta Kalebeko hegoaldeei eraso genien, eta Tziklagi su eman.
15 Davidek galdetu zion:—Gida al nazakezu lapur-talde horrengana?Mutilak erantzun:—Egidazu zin Jainkoarengatik ez nauzula hilko, ezta ene jabearen esku utziko ere, eta gidatuko zaitut lapur-talde horrengana.
16 Horrela, bada, gidatu zituen. Landan sakabanaturik aurkitu zituzten jan-edanean, filistearrei eta Judakoei lapurturiko harrapakinen ugariagatik jai egiten.
17 Biharamunean, egunsentitik ilunabarrera oldartu zitzaien David; ezin izan zuen batek ere ihes egin, gamelu gainera igo eta ihesi joan ziren laurehun gazteek izan ezik.
18 Amalektarrek ebatsiriko guztia eskuratu zuen Davidek, baita bere bi emazteak ere.
19 Ez zitzaien inor ere falta, ez txiki eta ez handi, ez seme eta ez alaba, ezta harrapakinik ere. Lapurtua zieten guztia eskuratu zuen Davidek.
20 Artalde eta abere-taldeak ere eskuratu zituen. Jendeak abereak hartu eta Daviden aitzinera eraman zituen, esanez: «Hona Davidentzako harrapakinak».
21 Gero, berrehun gizonengana, nekaturik zeudelako berari jarraitu ezinik Besor ibarrean utzi zituen haiengana, itzuli zen David. Hauek bidera irten zitzaizkien Davidi eta beronekin zetorren jendeari. Davidek hurbildu eta bake-agurra egin zien.
22 Davidekin erasora joanak ziren baina maltzur eta zikoitz zirenek esan zuten:—Horiek ez dira gurekin etorri. Ez diegu harrapakinetarik ezer ere emango, beren emazte eta seme-alabak izan ezik. Har ditzatela eta doazela!
23 Davidek ihardetsi zuen:—Ez dezazuela horrelakorik egin, ene anaiok, Jaunak eman digunarekin! Zaindu egin gaitu; eraso zigun lapur-talde hura eskura eman digu.
24 Esan duzuen hori ez dizue inork ere onartuko, zeren eta,«nolako zatia borrokara doanak,halakoa tresneria zaindu duenak.Berdin hartuko dute denek».
25 Egun hartaz geroztik horrela egin da, eta Israelen arau eta lege bezala bete ohi da jokabide hori gaurdaino.
26 Tziklagera heldu zenean, harrapakin haietarik zatiak bidali zizkien Davidek bere herrikide zituen Judako buruzagiei, esanez: «Hartzazue emaitza hau, Jaunaren etsaiei kendu dizkiegun harrapakinetarik».
27 Hauei guztiei bidali zizkieten emaitzak: Betelen, Negeveko Ramoten, Jatiren,
28 Aroeren, Sifmoten, Extemoan,
29 Rakalen, jerahmeeldar hirietan, kendar herrietan,
30 Horman, Bor-Axanen, Ataken,
31 Hebronen eta David bere gizonekin ibili izan zeneko beste toki guztietan bizi zirenei.