1 Davidek ihes egin zuen Ramako Naiotetik ere, eta Jonatanengana jo zuen hitz egitera:—Zer egin dut? Zein gaitz, zein bekatu egin diot zuen aitari, ni hil nahian ibiltzeko?
2 Jonatanek erantzun:—Ez horixe, ez zara hilko! Gure aitak ez du egiten deus ere, ez handirik, ez txikirik, aurrez niri adierazi gabe. Horixe ezkutatuko ote dit, hain zuzen, aitak? Ezinezkoa da.
3 Davidek zin ere egin zuen, esanez:—Ongi daki zuen aitak begiko nauzula. Hau esango zuen bere baitan: «Ez dezala jakin honetaz deus ere Jonatanek, atsekabe ez dadin». Hara, Jauna bizi dela eta zu bizi zarela bezain egia da, heriotzaren eta nire artean pauso bat baizik ez dagoela.
4 Jonatanek, orduan, Davidi:—Zuk esana egingo dut zure alde!
5 Davidek Jonatani:—Bihar ilberri da, eta egun horretan erregearen ondoan eseri beharko nuke bazkaltzeko. Uztazu joaten; landan gordea egongo naiz arratsalde arte.
6 Zuen aitak nire galdera egiten badu, esaiozu: «Bere sorterri Belenera albait lehen joaten uzteko eskatu zidan Davidek, urteroko oparia bere ahaide guztiekin egiteko».
7 «Ongi da» erantzungo balu, lasai nintzateke; haserretuko balitz, ordea, gauza jakina litzateke erabakia duela ni hondatzea.
8 Egidazu mesede hau zeure morroi honi; izan ere, ituna eginarazi didazu zeurekin Jaunaren izenean. Niregan inolako gaiztakeriarik baldin bada, hil nazazu zeuk; zertarako eraman ni zuen aitaren aurrera?
9 Jonatanek erantzun zion:—Inola ere ez! Gure aitak zu hondatzea erabakia duela ziur jakiten badut, adieraziko dizut.
10 Davidek galdetu zion Jonatani:—Nork adieraziko dit, zuen aitak haserre erantzuten badizu?
11 Jonatanek Davidi:—Zatoz, goazen landara.Eta biak landara atera ziren.
12 Jonatan honela mintzatu zitzaion Davidi: «Israelen Jainko Jaunarengatik esaten dizut, bihar edo etzi, garai honetan, ikertuko ditudala gure aitaren asmoak. Zurekiko asmo onak baditu eta norbait berehala bidali eta adierazten ez badizut,
13 zigor nazala Jaunak gogor. Gure aitak zu hondatzeko asmotan irauten badu, berriz, adieraziko dizut eta ihes egiten utziko, bakean joan zaitezen. Izan bedi Jauna zurekin, gure aitarekin izan zen bezala.
14 Egun hartan, bizi baldin banaiz, har nazazu onez, Jaunak nahi bezala. Hila baldin banaiz, berriz,
15 ez ukatu inoiz zeure onginahia nire senitarteari, Jaunak Daviden etsai guztiak banan-banan lurretik suntsiaraziko dituenean».
16 Honela, Jonatanek ituna egin zuen Daviden etxearekin, esanez: «Eska biezazkio Jaunak kontuak Davidi; hobeki esan, beronen etsaiei».
17 Jonatanek zin egin zion berriro Davidi, elkarri zioten maitasunagatik, bere burua bezain maite baitzuen.
18 Jonatanek esan zion gero Davidi: «Bihar ilberri-jaia da eta han ez zaudela nabarituko dute, zure jarlekua hutsik egonen baita.
19 Etzi, jaitsi zaitez eta gorde, lehengo hartan ezkutatu zinen toki berean. Egon jarririk Etzel harriaren ondoan.
20 Hiru gezi jaurtiko ditut alde horretarantz, jo-puntura botatzen ariko banintz bezala,
21 eta morroia bidaliko dut, esanez: “Hoa eta bila itzak geziak”. Morroiari “Hi baino honantzago dituk geziak, har itzak” esango banio, orduan etor zaitezke, dena bakean izango baita. Ez da arriskurik izango, ala Jauna!
22 Baina mutilari “Hi baino harantzago dituk geziak” esango banio, zoaz ihesi, Jaunak bidaltzen zaitu eta.
23 Biok elkarri eman diogun hitzaz, berriz, izan bedi Jauna gu bion artean testigu betierean».
24 Ezkutatu zen, bada, David landan. Ilberri-jaia heltzean, jarri zen erregea otordurako, bazkaltzeko.
25 Ohi zuen tokian jarri zen erregea, horma ondoko jarlekuan. Jonatan jaiki egin zen. Abner Saulen aldamenean eseri zen. Daviden tokia, berriz, hutsik zegoen.
26 Egun hartan Saulek ez zuen deus ere esan, berekiko pentsatuz: «Ustekaberen bat izango zuen. Ez zen garbi egongo, ez zituen garbikuntzak egingo».
27 Biharamunean, ilberri ondoko bigarren egunean, berriro ere Daviden tokia hutsik zegoen. Saulek esan zion bere seme Jonatani:—Zergatik ez da etorri bazkaltzera Jeseren semea ez atzo eta ez gaur?
28 Jonatanek erantzun zion:—Belenera joateko baimena eskatu zidan arren eta arren.
29 Honela esan zidan: «Uztazu joaten, otoi; senitartekoon oparia eskaini behar baitugu herrian, eta anaiak joateko agindu dit. Orain, beraz, begiko baldin banauzu, uztazu, arren, anaia ikustera joaten». Horregatik, ez da etorri erregearen mahaira.
30 Haserretu zitzaion Saul Jonatani, eta esan zion:—Sasikumea halakoa! Banekian, bai, Jeseren seme hori maite huela, heure buruarentzat eta heure amarentzat lotsagarri haizen horrek!
31 Jeseren seme hori lurrean bizi dadin arte, ez haiz seguru izango, ez hi, ez hire erregetza. Bilarazi eta ekardak oraintxe bertan, hil beharra dik eta!
32 Jonatanek ihardetsi zion bere aita Sauli:—Zergatik du hil beharra? Zer egin du, bada?
33 Saulek lantza hartu zuen, semea jotzeko asmoz. Jonatanek ikusi zuen, beraz, erabakia zuela aitak David hiltzea,
34 eta haserre bizitan jaiki zen mahaitik, eta ez zuen deus ere jan ilberri-jaietako bigarren egun hartan. Oso atsekabetua zegoen, aitak David iraindu zuelako.
35 Biharamun goizean landara joan zen Jonatan, Davidekin aurrez erabaki bezala. Mutil koskor bat zeraman berekin.
36 Jonatanek diotso mutilari:—Hoa bizkor; bilatu jaurtiko ditudan geziak!Mutikoa lasterka zihoalarik, jaurti zuen Jonatanek gezia, mutikoa baino harantzago joateko eran.
37 Jonatanek, botatako geziraino mutikoa heltzen ari zenean, oihu egin zion atzetik, esanez:—Hi baino harantzago zegok gezia!
38 Berriz ere oihu egin zion Jonatanek atzetik mutikoari:—Bizkor! Habil agudo! Ez hadi geldi!Hartu zuen Jonatanen morroiak gezia eta bere nagusiagana itzuli zen.
39 Morroiak ez zekien zer gertatzen zen; Jonatanek eta Davidek bakarrik zekiten.
40 Jonatanek eman zizkion mutikoari bere iskiluak eta esan zion:—Hoa, eraman hirira.
41 Mutikoa joatean, atera zen David hegoaldetik eta lurreraino makurtu zen, hiru bider ahuspeztuz. Besarkatu zuten elkar, eta negar egin zuten elkarrekin.
42 Jonatanek esan zion Davidi: «Zoaz bakean. Jaunaren izenean egin diogu zin elkarri. Izan bedi Jauna betierean gu bion artean, eta gu bion ondorengoen artean».