1 Samuel

Kapituluak 13

Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena)

Filistearren aurka. Saulen akatsa

1…. 2Saulek hiru mila gizon aukeratu zituen israeldarren artetik: bi mila berekin zituen Mikmasen eta Betelgo mendialdean; beste mila, berriz, Jonatanekin ziren Benjamingo Gibean. Gainerako jendea nor bere etxera bidali zuen. 3Filistearrek Geban zuten gudari-taldea hil egin zuen Jonatanek, eta jakin zuten hori filistearrek. Saulek, orduan, adarrak joarazi zituen lurralde osoan, esanez: «Adi, hebrearrak!» 4Israel osoak aditu zuen berri hau: «Saulek hil egin du filistearren gudari-taldea, eta filistearrak amorraturik daude orain Israelen aurka». Orduan, herria Gilgalera bildu zen, Saulen ondora. 5Filistearrak ere bilduak ziren Israel borrokatzeko: hiru mila guda-gurdi, sei mila zaldizko eta itsasertzeko hondarra bezainbat gudari. Igo eta Mikmasen ezarri zituzten guda-etxolak, Bet-Aben-en ekialdera. 6Israeldarrak, beren buruak arriskuan ikusirik, larritu eta leize, hartzulo, haitzarte, babesleku eta putzu-zuloetan gorde ziren. 7Hebrear batzuk Jordanez beste aldera igaro ziren, Gad eta Galaad lurraldeetara. Saulek, aldiz, Gilgalen jarraitu zuen, berarekin zen jende guztia beldur-ikaraz zegoelarik. 8Samuelek erabaki bezala, zazpi egunez itxaron zuen; baina Samuel ez zen Gilgalera agertu eta jende guztia sakabanatzen hasi zitzaion Sauli. 9Orduan, Saulek esan zuen:—Ekarzkidazue erre- eta elkartasun-oparigaiak.Eta erre-oparia eskaini zuen Saulek. 10Erre-opariaren eskaintza bukatzen ari zelarik, Samuel azaldu zen. Saul bidera atera zitzaion, agurtzeko asmoz. 11Samuelek, ordea, galdetu zion:—Zer egin duzu?Saulek erantzun:—Jendea sakabanatzen hasi zitzaidala eta erabakitako egunean zu ez zentozela ikusi eta filistearrak Mikmasen bilduak zeudela oharturik, 12esan dut neure baitan: «Filistearrak etorriko zaizkit orain Gilgalen erasotzera, nik Jaunaren onginahia neureganatu baino lehen». Hala, erre-oparia eskaini beharrean gertatu naiz. 13Samuelek ihardetsi zion Sauli:—Zorakeria ederra egin duzu! Ez duzu bete Jaunaren, zeure Jainkoaren, agindua; bete izan bazenu, betierean sendotuko zizun Jaunak Israel herrian zeure erregetza. 14Aurkitu du, ordea, Jaunak bere gogoko beste gizon bat; horixe ezarriko du Jaunak bere herriaren buruzagi, zuk ez baituzu bete Jaunak agindutakoa. 15Jaiki zen Samuel eta, Gilgaldik, Benjamingo Gibeara igo zen. Saulek zenbatu egin zituen berekin zituen gizonak: seiehunen bat gizon. 16Saul, beronen seme Jonatan eta biekin zen jendea Benjamingo Gibean zeuden; filistearrak, berriz, Mikmasen, etxolatuak. 17Filistearren kanpalekutik gudari-talde erasotzaile bat atera zen hiru sailetan: sail bat Ofrarako bidetik zihoan, Xual alderantz; 18beste sail batek Bet-Horonerako bidea hartu zuen, eta hirugarrenak Tzeboim haran gainean dagoen mugarantz jo zuen, basamortu aldera. 19Ez zen Israel osoan errementari bakar bat ere, honela esaten baitzuten filistearrek: «Ez da komeni hebrearrek ezpata eta lantzarik egin dezaten». 20Hain zuzen ere, filistearrengana jo behar izaten zuten israeldarrek beren golde-nabar, aitzur, aizkora nahiz igitaiak zorroztera. 21Zilarrezko txanpon erdia balio zuen goldea nahiz aitzurra, sardea nahiz eztena zorrozteak. 22Honela, bada, borroka-eguna heldu zenean, Saul eta Jonatanekin ziren gudariek ez zuten ezpatarik, ez lantzarik eskuetan, Saulek eta honen seme Jonatanek izan ezik. 23Bitartean, filistear gudari-talde bat atera zen Mikmaseko mendiarterantz.