1 Samuel 24 EABD

Davidek bizia barkatu Sauli

1 David handik igo eta En-Gediko haitzarteetan gelditu zen.

2 Filistearrak borrokatzetik itzultzean, esan zioten Sauli: «En-Gediko eremuan duzu David».

3 Hartu zituen Saulek hiru mila gizon, Israel osoan aukeratuak, eta David eta honen gizonen bila joan zen Tzure-Jeelimera, hau da, «Basahuntzen Harkaitzetara».

4 Bide ondoan zegoen ardi-eskorta batera heltzean, leize-zulo batean sartu zen Saul sabela hustera. Leize hartantxe zeuden, hain zuzen, barru-barruan gorderik, David eta beronen gizonak.

5 Hauek esan zioten Davidi:—Gaur bete da Jaunak esan zizun hura: «Zure esku uzten dut zure etsaia; egiozu egokien iruditzen zaizuna».Jaiki zen David eta, isil-isilik, Saulen soingainekoaren ertza ebaki zuen.

6 Bihotzeko harra sentitu zuen orduan, Saulen soingainekoaren ertza ebaki zuelako.

7 Eta esan zien bere gizonei:—Ezta inola ere! Ezin diot halakorik egin ene jaunari, Jaunak gantzutu duenari. Ezin diot eskurik erantsi, Jaunaren gantzutua baita.

8 Hitz hauez geldiarazi zituen Davidek bere gizonak eta debekatu egin zien Sauli erasotzea. Jaiki zen Saul, leize-zulotik atera eta bere bideari lotu zitzaion berriro.

9 Ondoren, jaiki zen David ere, leizetik atera eta oihu egin zuen Saulen atzean:—Ene errege jauna!Saulek atzera begiratu zuen. David, lurreraino makurtuz, ahuspeztu egin zitzaion.

10 Esan zion, orduan, Davidek Sauli:—Zergatik entzuten diozu David zu hondatu nahian dabilela diotsun jendeari?

11 Une honetan zeure begiz ikus dezakezunez, nire esku utzi zaitu gaur Jaunak leize-zuloan. Zu hiltzeko esaten zidaten, baina errukitu egin natzaizu, neure buruari hau esanez: «Ez diot erantsiko eskurik nire jaunari, Jaunak gantzutua baita».

12 Hona hemen, ene aita, hona zure soingainekoaren ertza nire eskuan. Soingainekoaren ertza ebaki, bai, baina zu ez zaitut hil. Ohar zaitez eta jakizu, ez dudala asmo txarrik, ez maltzurkeriarik, eta ez dizudala kalterik egin. Zu, aldiz, nire bila zabiltza bizia kentzeko.

13 Izan bedi Jauna gu bion artean epaile! Mendeka nazala Jaunak zure bidez! Baina nik ez dizut eskurik erantsiko.

14 Esaera zaharrak dioena: «Gaiztoek gaiztakeria». Nik, ordea, ez dizut eskurik erantsiko.

15 Noren bila zabiltza, zu, Israelgo errege hori? Noren atzetik zoaz? Zakur akabatuaren atzetik? Arkakusoren baten atzetik?

16 Izan bedi Jauna gu bion artean epaile, erabaki beza berak zure eta nire artean; azter eta zain beza nire auzia, eta aska nazala zure eskuetatik!

17 Davidek hitz hauek bukatzean, esan zion Saulek:—Zure ahotsa al dut hori, David, ene seme?Eta oihuka, negarrari eman zion Saulek.

18 Gero, esan zion Davidi:—Ni baino zuzenagoa zara. On baizik ez didazu egin; nik, berriz, gaitza itzuli dizut.

19 Gaur bertan, agerian utzi duzu on baizik ez didazula egin, Jaunak zure esku utzi nauen arren, ez bainauzu hil.

20 Gizon batek bere etsaia aurkitu eta utziko ote lioke bere bidetik joaten? Ordain diezazula Jaunak zuk gaur niri egindako ongia.

21 Orain, badakit zu izanen zarela errege, eta Israelgo erregetzak zure eskuetan iraungo duela.

22 Egidazu zin, Jaunaren izenean, ez dituzula nire ondorengoak suntsituko, ezta nire izena ezabatuko ere nire aitaren senitartetik.

23 Zin egin zion Davidek Sauli. Ondoren, Saul etxera joan zen, eta David bere gizonekin haitzarteetara igo.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31