1 Samuel 26 EABD

Davidek bizia barkatu Sauli Zif basamortuan

1 Zifekoak Gibeara etorri ziren Saulengana, esatera: «Ez al dakizu David Hakila mendixkan, basamortu-ertzean, dagoela gordea?»

2 Saul Zif basamortura jaitsi zen, orduan, Israelgo hiru mila gizon aukeratu berekin zituela, Daviden bila.

3 Saulek Hakila mendixkan, basamortu-ertzean, bide ondoan ezarri zituen oihal-etxolak. Basamortu hartan zebilen David eta, Saul beraren bila zetorrela entzutean,

4 ikertzaileak bidali zituen, Saulen etorrera ziurtatzera.

5 Orduan, jaiki eta Saul etxolatua zegoen tokira heldu zen David, eta ikusi zuen non zeuden etzanik Saul eta Abner, Ner-en semea, gudarostearen buruzagia. Saul kanpalekuaren erdian zegoen etzana eta gainerako jendea haren inguruan zegoen etxolatua.

6 Davidek esan zien Ahimelek hititari eta Joaben anaia Tzeruiaren seme Abixairi:—Nor dator nirekin kanpalekura, Saulengana.—Neu noa zurekin —erantzun zion Abixaik.

7 Heldu ziren, bada, gauez David eta Abixai Saulen gudarostea zegoen tokira. Saul, kanpalekuaren erdian etzana, lotan aurkitu zuten eta lantza lurrean sartua bere buru ondoan. Abner eta gainerako jendea erregearen inguruan zeuden lo.

8 Abixaik esan zion Davidi:—Jainkoak zeure esku jarri dizu gaur etsaia. Uztazu lantza-kolpe batez lurrari josten; ez dut birritan jo beharrik izango.

9 Davidek ihardetsi zion Abixairi:—Ez hil! Ez litzateke zigorrik gabe geldituko Jaunaren gantzutuari eskua erantsiko liokeena.

10 Eta jarraitu zuen:—Ala Jainkoa! Jaunak berak joko du gizon hori, bere heriotzako ordua etor dakionean edota borrokaren batean hilko dutenean.

11 Ez diezazula Jaunak utz, berak gantzutu duenari eskua eransten. Hartu buru ondoan duen lantza eta ur-antoxina, eta goazen!

12 Hartu zituen, beraz, Davidek Saulen buru ondoan zegoen lantza eta ur-antoxina, eta alde egin zuten biek. Ez zituen inork ere ikusi, ez sumatu. Ez zen inor ere itzarri. Lo zeuden denak, Jaunak emaniko logaleak harturik.

13 David beste aldera joan eta, urrunean, mendi-gailurrean gelditu zen, etsaien eta beren artean tarte handia utzirik.

14 Orduan, Davidek oihu egin zion jendeari eta Ner-en seme Abnerri:—Abner! Ez al duzu erantzun behar?—Nor ari da erregeari oihuka? —esan zuen Abnerrek.

15 Eta Davidek:—A zer gizona zu! Zure parekorik ez Israelen! Nolatan ez duzu, bada, zeure errege jauna zaindu? Herritar bat etorri da zure errege jauna hiltzera.

16 Ez dago batere ongi egin duzuna. Ala Jainkoa! Heriotza merezi duzue denok, zeuen nagusia, Jaunaren gantzutua, zaindu ez duzuelako. Begira non dauden erregeak bere ondoan zituen lantza eta ur-antoxina.

17 Saulek ezagutu egin zuen Daviden ahotsa eta esan zion:—Ez al da hori zure ahotsa, ene seme David?—Nire ahotsa da, bai, ene errege jauna —erantzun zion Davidek.

18 Eta jarraitu zuen:—Zergatik zabiltza zure morroi honen ondoren, ene jauna? Zer egin dut? Zein oker egin dut?

19 Entzun, otoi, ene errege jauna, zeure zerbitzari honen hitzak: nire kontra Jaunak bultzatzen bazaitu, opari bat eskainiko diot bare dadin. Baina gizonek bultzatzen bazaituzte, madarika bitza Jaunak, bota egiten bainaute Jaunaren lurraldetik eta sasijainkoak zerbitzatzera behartzen!

20 Ez dezatela nire odola lurrera isuri, Jaunarengandik urrun! Israelgo erregea arkakuso baten bila dabil, ehiztaria mendiz mendi eperraren atzetik bezala.

21 Saulek, orduan:—Bekatu egin dut! Itzul zaitez, David, ene seme. Ez dizut aurrerantzean gaitzik egingo, gaur ene biziari begirune izan diozulako. Bai, ergela izan naiz eta oso oker jokatu dut.

22 Davidek erantzun zion:—Hona hemen erregearen lantza. Betor honaino mutilen bat eta har beza.

23 Nori berea emanen dio Jaunak, bere zuzentasun eta leialtasunaren arabera. Jaunak nire esku utzi zaitu gaur, baina ez diot eskurik erantsi nahi izan Jaunaren gantzutuari.

24 Zure bizia niretzat gaur hain baliotsua izan den bezala, hala izan bedi nirea Jaunarentzat. Libra nazala atsekabe orotatik!

25 Saulek Davidi:—Bedeinkatua zu, ene seme David! Handiak eginen dituzu eta garaile izango egintza guztietan!David bere bidetik joan zen, eta Saul etxera itzuli.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31