3 Urtero igo ohi zen Elkana bere herritik Xilora, Jaun ahalguztidunari gurtza egin eta opariak eskaintzera. Santutegi hartan Hofni eta Pinhas Eliren bi semeak ziren Jaunaren apaiz.
4 Oparia eskaintzen zuen egunean, Elkanak bere emazte Peninari eta honen seme-alaba guztiei oparigaiaren zati bana eman ohi zien.
5 Anari, berriz, puska berezia eskuratzen zion, oso maitea baitzuen, nahiz eta Jaunak haurrik ematen ez zion.
6 Peninak, arerioak, gogorki iraindu eta nahigabetu ohi zuen Ana, Jaunak haurrik ematen ez ziolako.
7 Eta halaxe urte oroz: Jaunaren etxera igotzeko zen aldi bakoitzeko iraindu ohi zuen. Anak negarrari eman eta jan ere ez zuen egiten.
8 Hortan, honela mintzatu zitzaion Elkana bere senarra:—Ana, zergatik ari zara negarrez eta ez duzu jaten? Zergatik zaude goibel? Ez al naiz, bada, ni zuretzat hamar seme baino hobe?
9 Xilon otordu sakratua egin ondoren, jaiki zen Ana. Eli apaiza bere aulkian eseria zegoen, Jaunaren etxeko atari aurrean.