1 Hartu zuen, orduan, Samuelek oliontzia eta Sauli burura isuri zion; gero, besarkatuz, esan zion: «Hara, Jaunak bere herri Israelen buruzagi gantzutu zaitu.
2 Gaur, nire ondotik joan ondoren, bi gizon aurkituko dituzu Rakelen hilobi ondoan, Benjaminen mugetan, Tzeltzahen. Honela mintzatuko zaizkizu: “Agertu dira bila zabiltzan astoak; aita astoez ahaztu eta zuetaz kezkatua dago, bere semea aurkitzeko zer egin ez dakiela”».Eta Samuelek jarraitu zuen:
3 «Jo aurrerantz eta, Taborreko arte-arbolaren aldamenera heltzean, Betelera bidean gora, Jainkoarengana doazen hiru gizaseme aurkituko dituzue: batak hiru antxume eramango ditu, besteak hiru opil eta hirugarrenak ardo-zahagia.
4 Agurtu eta bi opil emango dizkizuete; hartu.
5 Joan gero Jainkoaren Gibeara, han baitaude filistearren agintariak. Hirira sartu orduko, muinotik beherantz datorren profeta-taldea ikusiko duzu; profeta-trantzean aztoraturik etorriko dira, salterio- eta danbolin-jotzaileak, txirula- eta zitara-jotzaileak aurretik dituztela.
6 Jaunaren espirituak hartuko zaitu zu ere; beste gizon bat bihurtuko zara.