5 Joan gero Jainkoaren Gibeara, han baitaude filistearren agintariak. Hirira sartu orduko, muinotik beherantz datorren profeta-taldea ikusiko duzu; profeta-trantzean aztoraturik etorriko dira, salterio- eta danbolin-jotzaileak, txirula- eta zitara-jotzaileak aurretik dituztela.
6 Jaunaren espirituak hartuko zaitu zu ere; beste gizon bat bihurtuko zara.
7 Zantzu hauek gertatzean, egin eskura datorkizukeena, zeurekin izanen baituzu Jauna.
8 Jaitsi gero nire aurretik Gilgalera. Ni ere jaitsiko naiz zure ondoren, erre-opariak eta elkartasun-opariak eskaintzera. Egon nire zain zazpi egunez, harik eta nik, etorririk, zer egin behar duzun adierazi arte».
9 Samuelen ondotik abiatzeko, bizkarra eman orduko, Jainkoak aldatu egin zuen Saulen bihotza, eta aurreikusitako zantzu haiek guztiak gertatu ziren egun hartan.
10 Handik Gibeara zihoazelarik, hara non datorkien profeta-taldea. Hartu zuen Saul Jaunaren espirituak eta, besteekin batera, profeta-trantzean jarri zen bera ere.
11 Aspalditik ezagutzen zutenek, profetekin batera profeta-trantzean ikusi zutenean, honela ziotsoten elkarri:—Zer gertatzen ote zaio Kixen semeari? Saul ere profeta artean?