1 Nahax amondarra Galaadeko Jabex hiriari erasotzen hasi zitzaion. Jabexeko bizilagunek esan zioten Nahaxi:—Egin dezagun ituna, eta menpeko izanen gaituzu.
2 Nahax amondarrak erantzun zien:—Eginen dut, bai, zuekin ituna, baina guztioi eskuineko begia ateratzekotan, Israel osoa lotsagarri gerta dadin.
3 Jabexeko buruzagiek eskatu zioten, orduan:—Emaguzu zazpi eguneko epea, Israel lurralde osora mandatariak bidaltzeko. Lagunduko digunik inor ez bada, zure menpe jarriko gara.
4 Heldu ziren mandatariak Gibeara, Saulen hirira, eta jakinarazi zioten arazoa herriari. Orduan, herri osoa oihuka hasi zen eta negarrez.
5 Une hartantxe zetorren Saul alorretik, idien ondoren, eta galdetu zuen:—Zer du herriak negar egiteko?Orduan, Jabexeko jendeak esandakoa adierazi zioten.
6 Hitz haiek aditzen ari zela, Jaunaren espirituak hartu zuen Saul eta amorru bizitan jarri zen.