15 Baina Jaunaren esana entzun ez eta haren hitza gutxiesten baduzue, bere eskua jasoko du Jaunak zuen aurka, zuen arbasoen aurka egin zuen bezala.
16 Zaudete, beraz, adi orain, Jaunak zuen aurrean eginen duen gauza harrigarri hau ikusteko.
17 Ez al gaude orain gari-uztaroan? Dei eginen diot Jaunari, eta berak trumoiak eta euria bidaliko dizkigu. Horrela ikusi eta jakingo duzue zein gaiztakeria handia egin duzuen Jaunaren aitzinean, zeuentzat erregea eskatuz.
18 Egin zion, bada, dei Samuelek Jaunari eta honek trumoiak eta euria bidali zituen egun hartan. Herri osoak Jaunari eta Samueli beldur ikaragarria hartu zien.
19 Honela ziotson jende guztiak Samueli:—Egiozu otoitz gure alde Jaunari, zeure Jainkoari, hil ez gaitezen. Izan ere, gure bekatu guztiez gainera, beste gaiztakeria bat egin dugu: geuretzat erregea eskatu.
20 Samuelek erantzun zion herriari:—Ez izan beldurrik. Egin duzue, bai, gaiztakeria handi hori. Hala ere, ez zaitezte urrun Jaunarengandik, baizik eta zerbitza ezazue Jauna bihotz-bihotzez.
21 Ez urrundu, deus ere ez diren idoloen atzetik joateko, ez baitzenituzkete ezertarako izango; horiek ez zaituztete salbatuko, hutsa baino ez baitira.