27 Jonatanek, ordea, ez zuen entzun bere aitak jendeari ezarritako zin-hitza. Luzatu zuen, beraz, eskuan zeraman makila-muturra eta, eztitan sarturik, ahora eraman zuen. Bat-batean begiak argitu zitzaizkion.
28 Orduan, gizonetariko batek esan zion:—Zuen aitak zin-hitzez behartu gaitu: «Madarikatua gaur zerbait jan dezana». Eta hori, akituak gaudelarik.
29 Jonatanek erantzun:—Hondamena ekarri dio herri osoari gure aitak! Ikusi nola argitu zaizkidan begiak ezti pittin bat jan dudalako.
30 Etsaiei kendu dizkiegun harrapakinetatik jendeak jan izan balu, askoz ere triskantza handiagoa egingo geniekeen filistearrei!
31 Egun hartan Mikmasetik Aialoneraino eraso zieten filistearrei. Gizataldea, zeharo nekaturik,
32 harrapakinetara oldartu zen; hartutako ardi, idi eta zekorrak, lurrean lepoa moztu eta odolarekin jan zituzten.
33 Batek esan zion Sauli:—Bekatuan ari da jendea Jaunaren kontra: odol eta guzti ari dira jaten.Saulek, orduan:—Traidore alenak! Ekar iezadazue berehala harri handi bat.