3 Orain, beraz, zoaz, xeha itzazu amalektarrak eta suntsitu haien ondasun guztiak; hil, gupidarik gabe, gizaseme eta emakumeak, haur eta bularrekoak, idi eta ardiak, gamelu eta astoak”».
4 Bildu zituen Saulek bere gizonak Telamen eta zenbatu: berrehun mila oinezko eta Judaren leinuko hamar mila gizon.
5 Saul, amalektarren hiriburura hurbildurik, zelatan jarri zen erreka aldean.
6 Saulek esan zien kendarrei: «Zoazte, alde egizue amalektarrengandik, haiekin batean honda ez zaitzatedan. Zuek ongi hartu zenituzten israeldarrak, Egiptotik zetozenean».
7 Alde egin zuten, beraz, kendarrek amalektarrengandik. Orduan, Saulek eraso egin zien amalektarrei Habilatik Xur-eraino, Egiptoko mugetaraino.
8 Bizirik atxilotu zuen Agag, amalektarren erregea; herritar guztiak, aldiz, birrindu egin zituen, ezpataz hilez.
9 Agagi eta behi nahiz artalderik hoberenei eta, orobat, abere gizendu, bildots eta baliozko gauza guztiei, ordea, barkatu egin zieten Saulek eta beronen gizataldeak; ez zituzten suntsitu nahi izan. Baliogabeko eta hutsal zirenak, berriz, suntsitu egin zituzten.