7 Haren lantza-makilak ehulearen kakoa zirudien, eta lantzaren burdin muturra sei kilo baino gehiago zen. Aurretik ezkutaria zihoakion.
8 Tinko gelditu eta deiadar egin zien israeldar guda-lerrokoei, esanez:—Zergatik zatozte gudurako prestatuak? Filistearra nauzue ni, eta zuek Saulen morroiak. Aukera ezazue gizon bat eta jaitsi bedi niregana.
9 Nire aurka borrokatzeko gauza bada eta hiltzen banau, zuen morroi izanen gara. Baina ni berorren aurka borrokatzeko gauza izan eta hiltzen badut, zuek izanen zarete gure morroi, eta zerbitzatu egin beharko gaituzue.
10 Gero, esan zuen filistearrak:—Erronka hau botatzen dizuet gaur, israeldar guda-lerroetakooi! Bidal iezadazue gizon bat, eta ekin diezaiogun borrokari!
11 Aditu zituzten Saulek eta israeldar guztiek filistearraren hitz hauek, eta beldurrez eta dar-dar gelditu ziren.
12 David, lehen ere aipatua den efratar baten semea zen, Judako Belengo Jeserena, alegia. Zortzi seme zituen honek, Saulen garaian zaharra zen eta urtetan aurreratua.
13 Hiru seme zaharrenak Saulekin joanak ziren gudura. Hona gudura joanak ziren hiru semeen izenak: Eliab zaharrena, Abinadab bigarrena eta Xama hirugarrena.