3 Atera eta aitaren ondoan jarriko naiz, zu egongo zaren landan. Zutaz mintzatuko natzaio eta ikusiko dut zer den asmo horretaz eta jakinaraziko dizut».
4 Jonatan, beraz, Daviden alde mintzatu zitzaion bere aita Sauli, esanez: «Errege jauna, ez zenioke gaitzik egin behar zeure zerbitzari Davidi, berak ere ez baitizu gaitzik egin. Beraren egintzak zure onerako izan dira guztiz.
5 Arriskuan jarri zuen bere bizia Goliat filistearra hil zuenean; horrela, garaipen handia eman zion Jaunak Israel osoari; zeuk ikusi zenuen eta poztu zinen. Zergatik egin behar duzu gaiztakeria hori, odol errugabea isuriz, David arrazoirik gabe hilez?»
6 Entzun zuen Saulek Jonatanen esana eta zin egin zuen: «Ez da hilko, ez, ala Jauna!»
7 Deitu zuen Jonatanek David eta hitz hauek guztiak eman zizkion aditzera. Gero, eraman zuen David Saulengana eta, lehen bezalaxe, honen zerbitzuan gelditu zen David.
8 Ekin zioten berriro guduari. Jalgi zen David filistearren kontra borrokara eta egundoko hondamendia egin zien, eta ihes egin behar izan zuten.
9 Hortan, Jaunak bidalitako espiritu gaiztoak hartu zuen Saul. Hau jauregian eseria zegoen, lantza eskuan, eta David zitara jotzen ari zitzaion.