5 Arriskuan jarri zuen bere bizia Goliat filistearra hil zuenean; horrela, garaipen handia eman zion Jaunak Israel osoari; zeuk ikusi zenuen eta poztu zinen. Zergatik egin behar duzu gaiztakeria hori, odol errugabea isuriz, David arrazoirik gabe hilez?»
6 Entzun zuen Saulek Jonatanen esana eta zin egin zuen: «Ez da hilko, ez, ala Jauna!»
7 Deitu zuen Jonatanek David eta hitz hauek guztiak eman zizkion aditzera. Gero, eraman zuen David Saulengana eta, lehen bezalaxe, honen zerbitzuan gelditu zen David.
8 Ekin zioten berriro guduari. Jalgi zen David filistearren kontra borrokara eta egundoko hondamendia egin zien, eta ihes egin behar izan zuten.
9 Hortan, Jaunak bidalitako espiritu gaiztoak hartu zuen Saul. Hau jauregian eseria zegoen, lantza eskuan, eta David zitara jotzen ari zitzaion.
10 Saulek hil egin nahi izan zuen David, lantzaz hormari josiz. Saihestu zen, ordea, David Saulen aurretik, eta horman sartu zen lantza. Ihes egin eta salbatu zen gau hartan David.
11 Saulek, ordea, bere mandatariak igorri zituen Daviden etxera, zaindu eta biharamun goizean hil zezaten. Bere emazte Mikalek berri hau eman zion Davidi: «Orain gauez ihes egin eta salbatzen ez bazara, bihar hil egingo zaituzte».