2 Jonatanek erantzun:—Ez horixe, ez zara hilko! Gure aitak ez du egiten deus ere, ez handirik, ez txikirik, aurrez niri adierazi gabe. Horixe ezkutatuko ote dit, hain zuzen, aitak? Ezinezkoa da.
3 Davidek zin ere egin zuen, esanez:—Ongi daki zuen aitak begiko nauzula. Hau esango zuen bere baitan: «Ez dezala jakin honetaz deus ere Jonatanek, atsekabe ez dadin». Hara, Jauna bizi dela eta zu bizi zarela bezain egia da, heriotzaren eta nire artean pauso bat baizik ez dagoela.
4 Jonatanek, orduan, Davidi:—Zuk esana egingo dut zure alde!
5 Davidek Jonatani:—Bihar ilberri da, eta egun horretan erregearen ondoan eseri beharko nuke bazkaltzeko. Uztazu joaten; landan gordea egongo naiz arratsalde arte.
6 Zuen aitak nire galdera egiten badu, esaiozu: «Bere sorterri Belenera albait lehen joaten uzteko eskatu zidan Davidek, urteroko oparia bere ahaide guztiekin egiteko».
7 «Ongi da» erantzungo balu, lasai nintzateke; haserretuko balitz, ordea, gauza jakina litzateke erabakia duela ni hondatzea.
8 Egidazu mesede hau zeure morroi honi; izan ere, ituna eginarazi didazu zeurekin Jaunaren izenean. Niregan inolako gaiztakeriarik baldin bada, hil nazazu zeuk; zertarako eraman ni zuen aitaren aurrera?