4 Zer duzu eskura? Emazkidazu bost ogi edo aurkitzen duzuna.
5 Apaizak erantzun zion Davidi:—Ez dago ogi arruntik, ogi sakratua baizik; emango dizut, baldin eta mutilek emakumeekin harremanik izan ez badute.
6 Davidek apaizari:—Badakizu gudura ateratzen garenean debekatua dugula emakumeekin harremanak izatea. Irten nintzenean nire mutilen gorputzak garbi zeuden, irtenaldi arrunta izan arren. Are garbiago daude, beraz, gaur mutilen gorputzak.
7 Orduan, apaizak ogi sakratua eman zion, ez baitzen han beste ogirik, Jaunari eskainiak baizik; Jaunaren aurretik kenduak ziren, ogi berria ezartzeko.
8 Han zegoen, egun hartan, Jaunaren santutegian gelditua, Saulen zerbitzarietako bat; Doeg zuen izena, Edomgoa eta Saulen artzainburua.
9 Davidek esan zion Ahimeleki:—Ba al duzu hemen eskura lantzarik edo ezpatarik? Ez ditut hartu neure ezpata eta neure armak, erregearen agindua oso presakakoa baitzen.
10 Apaizak erantzun:—Hementxe dut, zeuk Terebinto haranean hil zenuen Goliat filistearraren ezpata, oihal batean bildua, efod delako apaiz-jantziaren atzean. Hartzazu, nahi baduzu, ez baitago besterik.Davidek esan zuen:—Ez da hori baino hoberik. Emadazu!