1 Handik alde egin eta Adulamgo leizean ezkutatu zen David. Anaiak eta aitaren senitarte osoa, hori entzun zutelarik, hara jaitsi zitzaizkion.
2 Larrialdiren batean zirenak, zorrez josiak eta etsirik zeudenak Davidengana bildu ziren, eta buruzagi hartu zuten. Laurehunen bat gizon zituen berekin.
3 Handik Moabeko Mitzpara jo zuen Davidek, eta honela mintzatu zitzaion Moabeko erregeari:—Mesedez, utzi ene aita-amei zuen artean bizitzen, Jainkoak zer egin nahi didan jakin dezadan arte.
4 Eta Moabeko erregearen aurrera eraman zituen; han bizi izan ziren, David ezkutatua egon zen bitarte guztian.
5 Behin batean, Gad profetak esan zion Davidi:—Ez gelditu zeure babeslekuan. Abia zaitez eta joan Juda lurraldera.David, orduan, Heret oihanera joan zen.
6 Saulek jakin zuen ikusiak zituztela David eta beronekin ziren gizonak. Gibean zegoen Saul, muino batean, tamarindo baten azpian jarria, lantza eskuan eta zerbitzariak inguruan zutik.
7 Esan zien, orduan, inguruan zutik zituen zerbitzariei: «Entzun, benjamindarrok! Jeseren seme horrek zuei guztioi ere lurrak eta mahastiak emango dizkizuelakoan eta ehuneko nahiz milako gizataldeen buru egingo zaituztelakoan