5 Behin batean, Gad profetak esan zion Davidi:—Ez gelditu zeure babeslekuan. Abia zaitez eta joan Juda lurraldera.David, orduan, Heret oihanera joan zen.
6 Saulek jakin zuen ikusiak zituztela David eta beronekin ziren gizonak. Gibean zegoen Saul, muino batean, tamarindo baten azpian jarria, lantza eskuan eta zerbitzariak inguruan zutik.
7 Esan zien, orduan, inguruan zutik zituen zerbitzariei: «Entzun, benjamindarrok! Jeseren seme horrek zuei guztioi ere lurrak eta mahastiak emango dizkizuelakoan eta ehuneko nahiz milako gizataldeen buru egingo zaituztelakoan
8 al zabiltzate denok nire aurka azpilanean? Inork ere ez dit salatu nire semeak ituna egin duela Jeseren seme horrekin. Zuetarik bat ere ez zait errukitu, inork ez dit jakinarazi nire semeak nire aurka zelatan jarri zuela nire morroi bat. Horixe da, bada, gaur gertatzen ari dena».
9 Saulen zerbitzarien artean zutik zegoen Doeg edomdarrak erantzun zion: «Jeseren semea Nobera heltzen ikusi nuen nik, Ahituben seme Ahimelekengana.
10 Honek kontsulta egin zion Jaunari Davidi buruz; gero, janariak eman zizkion eta Goliat filistearraren ezpata ere bai».
11 Orduan, Ahituben seme Ahimelek apaiza eta beronen senitarte osoa, hau da, Nobeko apaizak, ekartzeko agindu zuen erregeak. Etorri ziren, bada, denak Saul erregeagana eta