11 Haren esku utziko al naute Keilako bizilagunek? Egiaz jaitsiko al da Saul, nik, zure morroi honek, entzun dudan bezala? Jauna, Israelen Jainkoa, adierazi zeure zerbitzari honi.—Jaitsiko da, bai —erantzun zion Jaunak.
12 Davidek galdetu zion:—Eta Saulen eskuetara emango al gaituzte Keilako bizilagunek ni eta nire gizonak?—Emango zaituzte, bai —erantzun zion Jaunak.
13 Orduan, David eta beronen gizonak, seiehunen bat, Keilatik atera eta noraezean ibili ziren. Davidek Keilatik ihes egin zuela adierazi ziotenean, Saulek bertan behera utzi zuen hara joateko asmoa.
14 David basamortura joan zen bizitzera, hango haitzarteetara, eta Zif basamortuko mendietan gelditu zen. Egunero zebilen Saul Daviden bila, baina Jainkoak ez zuen David haren eskuetara eman.
15 Ikusi zuen Davidek Saul aterea zela berari bizia kentzeko eta Zif basamortuan gorde zen, Horexen.
16 Jonatan, Saulen semea, Horexera joan zen Daviden bila, eta Jainkoarengan uste on izatera bultzatu zuen,
17 esanez: «Ez izan beldur. Ez zaitu harrapatuko gure aita Saulek. Israelgo errege izango zara, eta ni bigarren, zure hurrengo. Gure aita Saulek berak ere badaki hori».