4 Davidek berriro egin zion kontsulta Jaunari. Jaunak erantzun:—Ea, jaitsi zaitez Keilara, zure esku utziko ditut-eta filistearrak.
5 Abiatu zen, bada, David bere gizonekin Keilarantz eta oldartu zitzaien filistearrei. Haien abere-taldeak hartu eta izugarrizko sarraskia egin zien. Horrela salbatu zituen Davidek Keilako bizilagunak.
6 Ahimeleken seme Abiatarrek, Davidengana ihes egin eta, gero, Davidekin Keilara jaitsi zenean, berekin zeraman efod apaiz-jantzia.
7 David Keilara etorria zelako berria eman ziotelarik, esan zuen Saulek: «Eskuetara eman dit Jaunak; bere burua giltzapetu du horrek, ate eta morroilodun hirian sartuz».
8 Bildu zituen, beraz, Saulek bere gizon guztiak borrokarako, Keilara jaitsi eta han David eta beronen gizonak inguratzeko asmoz.
9 Jakin zuen, ordea, Davidek bera hondatzeko prestatzen ari zela Saul, eta esan zion Abiatar apaizari:—Ekatzu efod apaiz-jantzia.
10 Ondoren, Davidek otoitz egin zuen:—Jauna, Israelen Jainkoa, Saul Keilara datorrela eta niregatik hiria hondatzeko asmotan dela entzun dut nik, zure morroi honek.