2 Filistearrak borrokatzetik itzultzean, esan zioten Sauli: «En-Gediko eremuan duzu David».
3 Hartu zituen Saulek hiru mila gizon, Israel osoan aukeratuak, eta David eta honen gizonen bila joan zen Tzure-Jeelimera, hau da, «Basahuntzen Harkaitzetara».
4 Bide ondoan zegoen ardi-eskorta batera heltzean, leize-zulo batean sartu zen Saul sabela hustera. Leize hartantxe zeuden, hain zuzen, barru-barruan gorderik, David eta beronen gizonak.
5 Hauek esan zioten Davidi:—Gaur bete da Jaunak esan zizun hura: «Zure esku uzten dut zure etsaia; egiozu egokien iruditzen zaizuna».Jaiki zen David eta, isil-isilik, Saulen soingainekoaren ertza ebaki zuen.
6 Bihotzeko harra sentitu zuen orduan, Saulen soingainekoaren ertza ebaki zuelako.
7 Eta esan zien bere gizonei:—Ezta inola ere! Ezin diot halakorik egin ene jaunari, Jaunak gantzutu duenari. Ezin diot eskurik erantsi, Jaunaren gantzutua baita.
8 Hitz hauez geldiarazi zituen Davidek bere gizonak eta debekatu egin zien Sauli erasotzea. Jaiki zen Saul, leize-zulotik atera eta bere bideari lotu zitzaion berriro.