7 Eta esan zien bere gizonei:—Ezta inola ere! Ezin diot halakorik egin ene jaunari, Jaunak gantzutu duenari. Ezin diot eskurik erantsi, Jaunaren gantzutua baita.
8 Hitz hauez geldiarazi zituen Davidek bere gizonak eta debekatu egin zien Sauli erasotzea. Jaiki zen Saul, leize-zulotik atera eta bere bideari lotu zitzaion berriro.
9 Ondoren, jaiki zen David ere, leizetik atera eta oihu egin zuen Saulen atzean:—Ene errege jauna!Saulek atzera begiratu zuen. David, lurreraino makurtuz, ahuspeztu egin zitzaion.
10 Esan zion, orduan, Davidek Sauli:—Zergatik entzuten diozu David zu hondatu nahian dabilela diotsun jendeari?
11 Une honetan zeure begiz ikus dezakezunez, nire esku utzi zaitu gaur Jaunak leize-zuloan. Zu hiltzeko esaten zidaten, baina errukitu egin natzaizu, neure buruari hau esanez: «Ez diot erantsiko eskurik nire jaunari, Jaunak gantzutua baita».
12 Hona hemen, ene aita, hona zure soingainekoaren ertza nire eskuan. Soingainekoaren ertza ebaki, bai, baina zu ez zaitut hil. Ohar zaitez eta jakizu, ez dudala asmo txarrik, ez maltzurkeriarik, eta ez dizudala kalterik egin. Zu, aldiz, nire bila zabiltza bizia kentzeko.
13 Izan bedi Jauna gu bion artean epaile! Mendeka nazala Jaunak zure bidez! Baina nik ez dizut eskurik erantsiko.