1 Garai hartan, hil zen Samuel eta Israel osoa bildu zen hiletak egiteko. Ramako bere etxean ehortzi zuten.David Paran basamortura jaitsi zen.
2 Bazen Maonen bere ondasunak Karmelen zituen gizon bat. Gizon oso aberatsa zen, hiru mila ardi eta mila ahuntzen jabe. Ardi-moztera joana zen Karmelera.
3 Nabal deitzen zen gizon hura; Abigail zuen emaztea. Hau zentzuduna eta ederra zen; senarra, berriz, zakarra eta gaiztoa. Kaleben jatorrikoa zen.
4 Basamortuan zebilelarik, entzun zuen Davidek Nabal ardi-mozten ari zela
5 eta hamar mutil bidali zizkion, esanez: «Igo zaitezte Karmelera Nabalengana; egiozue nire izenean bake-agurra
6 eta esan: “Izan ongi! Bakea zurekin, bakea etxekoekin, bakea zurean diren guztiekin!
7 Ardi-mozten ari zarela entzun dut. Zure artzainak gurekin izan zirenean, ez genien inolako kalterik egin; Karmelen izan ziren bitarte guztian ez genien deus ere ukitu.