9 Davidek ihardetsi zion Abixairi:—Ez hil! Ez litzateke zigorrik gabe geldituko Jaunaren gantzutuari eskua erantsiko liokeena.
10 Eta jarraitu zuen:—Ala Jainkoa! Jaunak berak joko du gizon hori, bere heriotzako ordua etor dakionean edota borrokaren batean hilko dutenean.
11 Ez diezazula Jaunak utz, berak gantzutu duenari eskua eransten. Hartu buru ondoan duen lantza eta ur-antoxina, eta goazen!
12 Hartu zituen, beraz, Davidek Saulen buru ondoan zegoen lantza eta ur-antoxina, eta alde egin zuten biek. Ez zituen inork ere ikusi, ez sumatu. Ez zen inor ere itzarri. Lo zeuden denak, Jaunak emaniko logaleak harturik.
13 David beste aldera joan eta, urrunean, mendi-gailurrean gelditu zen, etsaien eta beren artean tarte handia utzirik.
14 Orduan, Davidek oihu egin zion jendeari eta Ner-en seme Abnerri:—Abner! Ez al duzu erantzun behar?—Nor ari da erregeari oihuka? —esan zuen Abnerrek.
15 Eta Davidek:—A zer gizona zu! Zure parekorik ez Israelen! Nolatan ez duzu, bada, zeure errege jauna zaindu? Herritar bat etorri da zure errege jauna hiltzera.