1 Filistearrek Afeken zituzten bilduak beren gudari-taldeak; israeldarrek, berriz, Izreelen dagoen iturri ondoan ezarri zituzten guda-etxolak.
2 Filistearren buruzagiak ehuneko eta milako gizataldeen aurretik zihoazen. David bere gizonekin Akix erregearen ondoan zihoan, atzeko taldean.
3 Filistearren buruzagiek honela zioten:—Zer egiten dute hebrear horiek hemen?Akixek honela erantzun zien filistearren buruzagiei:—David duzue, Israelgo errege den Saulen zerbitzaria. Urte bat edo bi darama nirekin eta ihesi etorri zitzaidanez geroztik ez dut aitzakiarik izan horren aurka.
4 Filistearren buruzagiek Akixen aurka haserretu eta esan zioten:—Bidal ezazu gizon hori, doala izendatu zenion tokira. Ez dadila etor gurekin gudura; borrokaldian ez ote zaigu, gero, etsai bihurtuko? Izango ote luke aukera hoberik bere nagusiarekin adiskidetzeko, gure mutilei lepoa moztuz baino?
5 Ez al da David hau, «Saulek mila hil, Davidek hamar mila» denek batera kantatzen zioten huraxe bera?