18 Jainkoaren kutxa aipatu zionean, Eli aulkitik atzeraka ate ondora erori, garondoa hautsi eta hil egin zen, zahartua eta baldartua baitzegoen. Berrogei urtez izan zen Israelen buruzagi.
19 Eliren erraina, Pinhasen emaztea, haurdun zegoen eta haurra izateko zorian. Jainkoaren kutxa harrapatu zietela eta bere aitaginarreba eta senarra hilak zirela aditu zuenean, kuzkurtu eta haurra izan zuen, erdiminak etorri baitzitzaizkion.
20 Hilzorian zegoelarik, esan zioten inguruan zituen emaginek: «Ez larritu, semea izan duzu».Emakumeak, ordea, ez zuen erantzun, ezta jaramonik egin ere.
21 Haurrari Ikabod ezarri zion izena amak, hau da, «Ospegabe», esanez: «Eraman egin dute Israelen ospea». Jainkoaren kutxa harrapatu izanagatik eta bere aitaginarreba eta senarrarengatik esan zuen hori.
22 Hau esan nahi zuen: «Eraman egin dute Israelen ospea, Jainkoaren kutxa harrapatu baitute».