9 Ea, filistearrok, eutsi gogor! Izan gizon eta ez zarete hebrearren menpe egongo, beraiek zuen menpe egon diren bezala. Izan gizon eta ekin guduari!»
10 Ekin zioten, bada, filistearrek erasoari eta menderatu egin zuten Israel. Israeldarrak nor bere etxera joan ziren ihesi. Izugarria izan zen hondamendia: hogeita hamar mila israeldar oinezko erori zen.
11 Filistearrek harrapatu egin zuten Jainkoaren kutxa; Eliren bi semeak, Hofni eta Pinhas, berriz, hilak gertatu ziren.
12 Benjaminen leinuko gizon bat heldu zen lasterka egun hartan guda-zelaitik Xilora, jantziak urraturik eta burua hautsez estalirik.
13 Gizon hura zetorrenean, Eli ate ondoan zegoen aulki batean eseria, bidera begira, Jaunaren kutxaz guztiz kezkatua. Gizon hark hirian sartu eta berria eman zuen; hiri osoa oihuka hasi zen.
14 Aditu zuen Elik oihua eta esan zuen:—Zer dela-eta ari dira garrasika?Etorri zen bizkor gizona eta gertatuaren berri eman zion Eliri.
15 Elik laurogeita hemezortzi urte zituen eta begiak itsuturik; ezin zuen ikusi.