3 Biharamun goizean Axdodeko biztanleak jaiki zirenean, Dagonen irudia ahuspez eroria zetzan Jaunaren kutxa aurrean. Jaso zuten Dagon eta bere tokian ipini.
4 Hurrengo goizean, jaikitzean, Dagon aurpegiz aurrera lurrean eroria aurkitu zuten berriro, Jaunaren kutxaren aitzinean. Dagonen burua eta bi besoak hautsiak zeuden atarian; soin-enborra baino ez zuen osorik Dagonek.
5 Horregatik, Axdodekoek ez dute gaurdaino oinik jartzen Dagonen jauretxeko atarian, ez Dagonen apaizek, ezta han sartzen direnek ere.
6 Esku astunez jo zituen Jaunak Axdodeko biztanleak: zigortu eta erlakiztenak aterarazi zizkien Axdodekoei eta inguruetakoei.
7 Honelako izurritea ikusirik, Axdodeko jendeak esan zuen: «Ez dugu behar geure artean Israelen Jainkoaren kutxa, esku astunez jo baikaitu geu eta geure jainko Dagon».
8 Bilarazi zituzten berengana filistearren buruzagi guztiak eta esan zieten:—Zer egin ote dezakegu Israelen Jainkoaren kutxarekin?Haiek erantzun:—Israelen Jainkoaren kutxarekin? Eraman dezatela Gatera.Eraman zuten, beraz, Israelen Jainkoaren kutxa.
9 Eraman orduko, ordea, izugarrizko ikara sartu zien Jainkoak hiri hartakoei ere. Jo zituen gizonezkoak, txiki hala handi, eta erlakiztenak atera zizkien.