2 Luzaroan egon zen Jaunaren kutxa Kiriat-Jearimen, hogei urtez. Israel herri osoa Jaunarenganako irrikaz zegoen.
3 Orduan, honela mintzatu zitzaion Samuel Israel herri osoari: «Jaunarengana bihotz-bihotzez itzuli nahi baduzue, jaurti zeuen artetik sasijainko arrotz guztiak eta Astarteren irudiak; bizi zaitezte Jaunari zeharo emanak eta ez zerbitza bera besterik. Askatuko zaituzte orduan filistearren eskuetatik».
4 Jaurti zituzten, beraz, israeldarrek Baalen eta Astarteren irudi guztiak, eta Jauna baizik ez zuten zerbitzatu.
5 Samuelek esan zuen: «Bil ezazue herri osoa Mitzpan eta nik otoitz eginen diot Jaunari zuen alde».
6 Bildu ziren, bada, Mitzpan. Atera zuten ura eta isuri zuten Jaunaren aitzinean. Egun hartan, barau eginez, hau zioten: «Bekatu egin dugu Jaunaren aurka». Samuel israeldarren buruzagi egin zen Mitzpan.
7 Filistearren buruzagiek, israeldarrak Mitzpan bilduak zeudela jakitean, israeldarrei erasotzea erabaki zuten. Hauek, ohartzean, beldurtu egin ziren filistearren aurrean,
8 eta esan zioten Samueli: «Ez utzi Jainko Jaunari gure alde dei egiteari, filistearren eskuetatik salba gaitzan».