1 Bazen, aldi hartan, Kix zeritzan gizon handiki bat, Abielen semea, Tzeror, Bekorat eta Afiasen ondorengoetarikoa. Benjaminen leinukoa zen.
2 Bazuen seme bat, Saul izenekoa, mutil aukerakoa eta bikaina; ez zen Israel herrian hura baino lirainagorik: sorbaldaraino heltzen zitzaion beste jende guztia.
3 Aita Kixek, asteme batzuk galdu zitzaizkiolarik, esan zion Saul semeari:—Hartzak morroi bat eta hoa astemeen bila.
4 Efraimgo mendi eta Xalixako lurretan barrena ibili ziren, baina ez zituzten aurkitu. Arakatu zuten Xaalimgo lurraldea, baina astoak ez zeuden han. Begiratu zuten Jemin lurraldean, baina han ere ez zituzten aurkitu.
5 Tzuf-en lurretan zebiltzala, esan zion Saulek berarekin zihoan morroiari:—Itzul gaitezen; honezkero, astoez ahaztua eta gutaz kezkatua izanen da aita.